Aurtengo diru laguntzen oinarriak onartu ditu udalbatzak
Legazpiko udalbatzak aho batez onartu ditu 2014an udalak luzatuko dituen diru laguntzen oinarriak martxoko osoko bilkuran. Zehazki, gizarte zerbitzuen eta euskara alorretan emango dituzten diru laguntzen deialdietarako oinarri espezifikoak dira Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek (H1!) onartutakoak.
Gizarte zerbitzuen arloko diru laguntzen oinarriei dagokien irizpena Lourdes Ugarte gizarte zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuen. Martxoaren 12an egin zen gizarte zerbitzuetako ohiko batzordean gaia eztabaidatu zela argitu zuen. Azkenean, eta «aurrera jarraitzeko eragozpenik ez zegoela» ikusita, alderdi guztiek aho batez onartu zuten proposamena.
Ugartek azaldutakoaren arabera, «urtero egin behar izaten dira oinarrietan aldaketa txikiak» eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Egin diren aldaketa nagusiak «genero ikuspegiarekin zerikusia» dutenak izan dira. Hala, genero ikuspegia aintzat hartzen duten elkarteak «nolabait baloratzeko».
Euskara ikasteko laguntzak
Euskararen alorreko diru laguntzak arautuko dituen oinarrien berri Sagrario Etxabe alkateordeak eman zuen eta guztira sei laguntza emango direla aurreratu zuen. Batetik, «barnetegietan, ikastaro trinkoetan zein 100 eskola ordutik gorako ikastaroetan autoikaskuntza programetan edo euskara ikasten kanpoan dauden herritarrentzako 600 euroko» diru partida egongo da.
UEUn edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten ikastaroetarako beste 100 euro. Bi sail hauetan diru partidak jaitsi dituzte «eskaeran beherakada nabarmena» egon delako.
Igo egin da bestalde, errotuluak, irudi korporatiboa edo web gunea euskaratzera bideratutako diru laguntza «azken urteetan eskaera handia egon delako». Guztira, 3.000 euro izango dira. Mantendu egin dira, amaitzeko, euskararen inguruko ondareari buruzko informazio jaso edo digitalizatu eta zabaltzeko diru laguntza, 3.000 euro, teknologia berrietan euskararen normalizazioa bultzatzeko laguntza 2.500 euro eta euskarazko komunikabideetara bideratutakoa, 7.500 euro.