Gipuzkoako eskolarteko bertso lehiaketa Lazkaon izango da bihar
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak Lazkaon du plaza, bihar. Laugarren jardunaldia jokatuko da, 15:00etatik aurrera, San Benito ikastolan eta Areria antzokian. Aurrez Zarautzen, Lasarte-Orian eta Zumarragan izana da; Elgoibar eta Azkoitia geratuko dira gero, finala Arrasaten jokatu aurretik, maiatzaren 11n.
Ohi bezala, bi ataletan banatu dute eskola-adinean dauden bertsolarien lehiaketa, baina iaz arteko bat-bateko lanaren ordez bi ariketa desberdin txertatu dituzte: saioa didaktikoa eta afari formatuko saioa 15-18 urtekoentzat.
Lehendabizi bertsopaperen lehiaketa gauzatukodute, 15:00etatik 16:00etara, San Benito ikastolan. Goierri behealdeko zazpi eskolatako 94 ikaslek parte hartuko dute. Ataungo eskola, Lazkaoko, Ordiziako eta Beasaingo ikastolak, Beasaingo bertso eskola, Beasaingo institutua eta Zaldibiako eskola ordezkatuko dituzte partaideek. Denbora jakin batean, jarritako gai bati bertsoak idatzi beharko dizkiote.
Saioa Areria aretoan
Papereko lanak bukatu ondoren, 16:30ean saio didaktikoa Areria antzokian egingo dute. Lazkaoko bi taldek eta Ordiziako batek parte hartuko dute, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia bertsolariak laguntzaile dituztela. Ariketa hori lehendabiziko aldiz sartu dute. Amaia Agirrek aurkeztuko du.
Ikasleentzat «neurrikoa eta erakargarria» den saio bana eskainiko du talde bakoitzak. Lazkaon afari giroko bat-bateko jardunik ez da egingo.