IAk deituta, hezkuntza eredu propio baten alde, greba orokorra ari dira egiten
Ikasle Abertzaleakek deituta, hainbat gazte goierritar kalera atera dira hezkuntza eredua aldatzeko eskatzera. Goierrin, Beasain, Zumarraga/Urretxu eta Legazpin egin dituzte manifestazioak, hilabete osoan zehar, ikastetxe ezberdinetan aurrera eraman duten Borroka Hilabeteari amaiera emateko. Batxilergoko ikasleak dira, batez ere, kalera atera direnak. Euren ikastetxeetan atzo eta gaur egin dira grebaren inguruko bozketak, eta denetan grebaren aldeko bozkek lortu dute gehiengoa.
Beasaindik 11:30ean abiatu dira Ordiziarantz dozenaka lagun. Ordiziako plazan amaitu dute manifestazioa eta bertan gaurko greba orokorraren zergatia azaldu eta hezkuntza eredu propioa lantzeko, ikastetxeetako ikasle, familia eta langileekin eta herritarrekin batera landu eta garatzeko zenbait puntu zehaztu dituzte:
- Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa, laikoa…) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
- Curriculum propioa izango duena.
- Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
- Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.