Joxemari Telleriak Segurako txoko ezberdinak marraztu ditu
Joxemari Telleria artista segurarrak Segura marrazkitan erakusketa irekiko du bihar kultur etxe zaharrean. Herriko 21 txoko marraztu ditu. Erakusketa hau Iparra Hegoa ekimenaren barne antolatu dute.
Telleriarena ez da Iparra Hegoa ekimenaren barne antolatu den erakusketa bakarra. Apirilaren 6ra bitartean Gure lurra, gure etorkizuna erakusketa egongo da toki berean.
Erakusketa honetan agroindustria, klima aldaketa, txirotasuna, Via Campesina ekimena, irtenbideak, agroekologia, elikadura burujabetza eta etorkizuna aztertzen dituzte.
Botikaxahar aretoa 19:00etatik 20:00etara irekitzen dute astegunetan eta 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:00etara asteburuetan. Segurako kultur etxe zaharra, berriz, 18:00etatik 20:00etara irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara larunbat eta igandetan.
Iparra Hegoa ekimeneko gainontzeko ekitaldiei dagokienez, bihar Aire ahizpek kontzertua emango dute Botikaxahar aretoan. Xalbador bertsolariaren biloben kontzertua 19:30ean hasiko da.
Bestalde, datorren aste hasieran gerrari buruzko hiru hitzaldi egongo dira kultur etxean. Guztiak 19:30ean hasiko dira. Astelehenean Eneko Bidegainek Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria hitzaldia emango du, asteartean Benjamin Duinatek Identifikazio prozesu anitzak XIX. mendeko Euskal Herrian izenburua duena eta asteazkenean Josu Txuekak 1936ko gerraz eta errefuxiatuez hitz egingo du.