Olaberrian merkataritza gunea 13.000 metro ez dela haziko dio alkateak
Olaberriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari Dendartean merkataritza elkarteen elkargoak egin duen helegitearen harira, hainbat gai zehaztu ditu Olaberriko alkate Jokin Garmendiak. Lehenengoa eta nabarmenena, merkataritza saltokien gunean ez dela 13.000 metro koadroko handitzerik izango. Sektoreko Lurralde Planaren arabera, jaurlaritzak merkataritza-gune bakoitzarentzat jartzen duen gehienezko azalera dela hori argitu du.
Ihurreko eremuan dagoen saltoki batek establezimendua handitzeko baimen bat eskatu duela gaineratu du, baina «100 metro koadro hazteko» bakarrik.
Bestetik, Dendartean elkargoak aurkeztu duen helegitean, Olaberrian onartzen diren hiri antolamenduko arau berriek Sektoreko Lurralde Planarekin bat etorri beharko dutela esaten dela ziurtatu du alkateak. «Hori badakigu horrela izan behar duela, arauak onartzerakoan jaurlaritzak ere baduelako partea, eta hark esango du bat datorren ala ez».
Ihurreko industri eta merkataritza jardueretara bideratutako gunea arau berrietan bi eremutan bereiziko dela baieztatu du Garmendiak, baina gaur egun dauden azpiegiturei kabida emateko. Gune horietako bakoitzak izango luke gehienez 13.000 metro koadroko azalera.
Lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Olaberriko Udalak, merkatari-saltokiak «aipatutako azaleretan ez direlako haziko».