Zabortegien gaian gezurretan aritzea leporatu diote Bilduri Gipuzkoako PSEko ordezkariek
Gipuzkoako PSEko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Donostian Gipuzkoako Aldundia zabortegian gaian « iruzurra» egiten ari dela salatzeko. Denis Itxaso bozeramailearekin batera agertu dira Ordiziako PSEko zinegotzi Iñaki Dubreuil eta Beasaingo Alfonso Segade, Zarautz eta Azkoitikoekin batera.
Gipuzkoako zabortegiak isteko eskatu arren, PSEko ordezkariaren arabera Aldundiak ez du denborarik izango 2014 eta 2015erako proiektatu dituen hiru planta berri eraikitzeko. «Ez daukate denborarik, ezta itxiera ahalbidetuko duen alternatibarik ere», esan du Itxasok. Era berean, zabortegi berriak ere irekiko direla ziur agertu da.
Gipuzkoan sortzen den hondakin kopuruaren gainean ere Aldundiak emandako datuak faltsutzat jo ditu. «Urtean 400.000 tonelada hondakin sortzen dira, nahiz eta GHK-k 320.000 tonelada aipatu eta %50 birziklatzen dela dioten arren, errefusa 200.000 toneladetara iritsi da», azaldu du Itxasok.
Aldundiak herrialde osoan banatu duen Gipuzkoa Berria aldizkariaren azken alea eskuetan, bertan «gezurrak eta informazio faltsua» jasotzen dela ziurtatu du Itxasok. Aldizkariarekin Aldundiak «publizitate iruzurra» egin duela esan du. «Aldizkarian ez dela zabortegirik egongo ziurtatzen dute, hori gezurra da, faltsua. Izan ere, Bilduren apustua ‘zabor geldoen biltegia’ irekitzea da, finean zabortegi bat izango dena eta Sasieta, Urteta edo Lapatxek bezalako ingurugiro neurriak eskatuko dituena», zioen PSEko ordezkariak.