Ataunen hondakinen %85 gaika biltzera iritsi dira, bereizte tasa bikoiztuta
Sasieta Mankomunitateak eta Ataungo Udalak gaur goizean eman dituzte hondakin bilketa sistema berriaren lehen datuak: lehenengo hilabetean hondakinen bereizte tasa %85ekoa izatea lortu du Ataunek, hasieran jarritako %70-80ko helburua gaindituz.
Martxoko aurreneko astean hasi zen bilketa berria. Zabor arruntaren edukiontzia kaletik kendu, eta errefusa atez ateko eran biltzen hasi ziren, astelehenetan. Gainontzeko hondakin zatikiak kaleko edukiontzietan utziz jarraituko dute ataundarrek, sistema mistoan. Ataungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek —Bilduk eta Herrigintzak— adostutakoa da.
Gaikako bilketa %43tik %85era igaro da, hilabete batean.Aldiz, errefusaren portzentaia laurdenera jaitsi da: %57 botatzen zen lehen zabortegira, eta %15 orain. Material motari dagokionez, organikoa da gehien igo dena. Kaleko edukiontzi marroiaren erabilera bikoiztu egin da.
Ataungo alkate Igor Aierberen iritziz emaitza “oso ona” da, eta herritarrak zoriondu ditu. Herrigintza taldeko zinegotzi Iker Contrerasek ere akordioaren pisua nabarmendu du. Sasietaren gerente Iñaki Erauskinek, bere aldetik, giltzarrietako bat zabor arruntaren edukiontzia kaletik kentzea izan dela gaineratu du, “dena irensten duen aho handia zelako”. Hondakinen bereizkuntzan, “benetako arazoa” edukiontzi hori kalean edukitzea dela gaineratu du Erauskinek. Sistema mistoen arrakasta ontzi hori kendu eta errefusa “era pertsonalizatuan” biltzea da.