«Gure lana jendeari bere arazoen erdian Jainkoaren maitasuna adieraztea da»
Imanol Prieto (Zumarraga, 1977) Nafarroako elizbarrutian apeztu zen, eta orain bi urte Lazkaoko, Ataungo eta Olaberriako parrokietako parrokoa da. «Zorion betea Jainkoak soilik asetu» ahal duela dio.
Noiz sortu zitzaizun apaiz egiteko grina? Sendotze sakramentua jaso ondoren, 19 urte nituenean hartu nuen erabakia. Zein da ondoren egin zenuen ibilbidea? Selektibitateko azterketa egin eta gero, Toledoko (Gaztela-Mantxa, Espainia) seminarioan filosofia eta teologia ikasketak egin nituen. Sei urtez egon nintzen han, eta jarraian Nafarroara joan nintzen. Nafarroako elizbarrutian apeztu nintzen, eta Baztango zein Sakanako parroki batzuetan egon nintzen. 2010. urtetik Gipuzkoan nago; lehenengo Arrasaten, gero Goierrin. Nolakoa da egun bat apaiz gazte baten bizitzan? Egun mota asko dago. Batzuetan lan gehiago egin behar da, beste egun batzuk lasaiagoak dira. Hala ere, gure lana ez da mezarekin batera amaitzen; kristau ikasbidea prestatu eta eman, gaixoei bisita egin, hiletak egin, Caritasen bitartez behartsuei lagundu eta abar… Ikusten ez den arren, horrek guztiak badauka lan bat atzetik. Gure lana jendeari bere arazoen erdian Jaunaren maitasuna eta bizitzaren zein heriotzaren zentzuak adieraztea da; gure laguntasunarekin eta gertutasunarekin. Nolakoa da zure kristau komunitatea? Komunitate bakoitza ezberdina da, herriaren eta auzoaren arabera; hori ez da zailtasun bat, aberastasun bat baizik. Aste Santua dator; nola bizi duzue zuek? Egun hauetan gure fedearen mamia ospatzen dugu. Kristoren heriotzaren eta berpizkundearen misterioa. Askotan ospakizunak sakonki bizitzeko zailtasunak baditugu ere, behar bezala ospatzen ahalegintzen naiz. Erlijio ikuspuntutik nola ikusten duzu egungo gizartea? Egungo gizarteak ez du Jainkoaren maitasuna, errukia zein elizaren aberastasuna ezagutu. Materialismoaren ondorioz Jainkoaren esperientzia falta da. Baina, beste toki batzuetan dagoeneko gertatzen ari den bezala, seguru nago fedearekiko jarrera aldatuko dela; batik bat, gizakiok zoriontasunerako eginda gaudelako, eta zoriontasun betea Jainkoak baino ezin du asetu.