Legorretako Udalak 1,6 milioiko aurrekontua du 2014rako
Legorretako Udalak 1.651.136,91 euroko aurrekontua du, urte honetarako. Udalbatzak aurreko ostiralean, apirilak 4, onartu zuen aurrekontu proiektua, aho batez. Udal gobernuko Bilduko zinegotzi batek kargua hartu zuen, abendutik gutxiengoan egon ondoren. Legorreta Bizirik taldeak ere alde bozkatu zuen.
Aurrekontuaren barruan, bi diru sail berri eratu ditu udalak: Berdintasunekoa, 2.300 eurorekin hornitua; eta Gizarte Ekintzena, 3.000 eurorekin. «Horrek ez du esan nahi aurreko urteetan egiten ez zirenik, baina beste diru sail batzuetatik ateratzen genuen. Berdintasuna eta gizarte ekintza indartu eta duen garrantzia eman nahian sortu dugu», dio Bakartxo Mendez alkateak.
Inbertsioetarako guztira 227.261,94 euroko kopurua izendatu dute. Horietatik 15.000 euro kale garbiketarako makina bat eskuratzen erabiliko dituzte. «Kexa ugari daude inguruko auzoetatik, garbitasun faltagatik. Makina zaharra hondatuta zegoen, eta langileak ez ziren behar bezala iristen». Makina berria denera 60.000 euro kostatuko da, baina renting eran lau urtean ordainduko dute.
Gainontzean, bideak konpontzeko eta euriteen kalteak berritzeko 46.730 euro izango dira. Diru laguntza bat lortu du Legorretako Udalak horretarako, 22.000 eurokoa. Lan batzuk eginda daude, eta besteak «laster» bukatuko dituzte.
Bestetik, zinema berritzeko egitasmorako 103.330 euro bereizi ditu udalak. Udalbatzar berean onartutako 2013ko likidaziotik geratu diren 780.850 euroei batuko dizkie. Inkesta egin du udalak herritarren artean, eta zinema berritzearen alde agertu dira.
Oraindik zehaztu gabeko azpiegitura eta urbanizazio lanetarako 46.901 euro gorde ditu.
Zorpetzea lau puntu jaitsi da
Legorretako Udalaren zorpetze maila zeukanaren erdira jaitsi da, iaztik. 2013an %8,671ko zorpetzea baldin bazeukan, aurten %4,078 dauka. Mailegu bat kitatu izanak eragin du jaitsiera hori.
Udalbatzarrean banderen inguruko mozioa ere onartu zen, Bilduren botoekin.
Adur Jauregik zinegotzi kargua hartu du
Ostiraleko udalbatzarrean hartu zuen zinegotzi kargua Bilduko Adur Jauregi Gaztañagak. Abenduan, koalizioko bi zinegotzik dimisioa eman ondoren hutsik zeuden bi zizeiluetako bat hartu du, Laida Oiarbide Munduateren ordez.
Jauregi Bilduren zerrendan aurkeztu zen 2011ko udal hauteskundeetan. Hala, Hauteskunde Batzorde Zentraletik «nahiko azkar» bidali dute haren kredentziala, Bakartxo Mendez alkateak esan duenez.
Beste zinegotzi kargua hartzeko zerrendatik kanpoko pertsona bat proposatu du Bilduk —izenik ez dute aurreratu—, eta «oztopo gehiago» izan ditu prozesu horrek. Onarpena «egun gutxi barru» emango diotela aurreikusi du udalak.