«Txindokin taldean atleta onak daude eta asko ikasten ari naiz»
Nora Tobarrek (Ataun, 2000) brontzezko domina lortu zuen Espainiako atletismo txapelketan, konbinatu proban. Aste Santuan Murtzian (Espainia) egingo duten kontzentrazio batean parte hartzera gonbidatu dute. Bera izango da gazteena.
Zein kiroletan aritu zara?
Eskola kirolean denetik pixka bat egin nuen: saskibaloia, futbola, atletismoa… Azken hau nuen gustukoen. Joko Olinpikoak, adibidez, oso gustura ikusten ditut. Zoritxarrez, telebistan oso atletismo gutxi ematen dute.
Nor duzu gustuko atleta?
Txindoki taldean bertan oso atleta onak daude eta asko ikasten ari naiz. Alazne Furundarena, adibidez. Bestalde, Euskadiko txapelketan Naroa Agirrerekin lehiatu nintzen. Luzera saltuan berak irabazi zuen eta ni bigarren gelditu nintzen. Oso lorpen garrantzitsua izan zen niretzat, Agirre umetatik miresten baitut.
Dena den, normalean proba konbinatuan parte hartzen duzu.
Hala da. Pista estalian bost proba dira: hesi-lasterketa, altuera-jauzia, luzera-jauzia, pisu-jaurtiketa eta 600 metroko lasterketa. Azken hau da gutxien gustatzen zaidana. Aire librean xabalina-jaurtiketa ere egiten dut.
Zein probatan moldatzen zara hobekien?
Altuera-jauzian eta hesi-lasterketan. Altuera-jauzian ez nintzen batere ondo moldatzen, baina denek bote handia nuela esaten zidaten. Eneko Barandiaran entrenatzailearen laguntzari esker, asko hobetu dut.
Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu duzu.
Altuera-jauzian, batez ere, oso ondo ibili nintzen. 1,63 metroko jauzia egin nuen eta marka horrekin Espainiako altuera-jauzi txapelketa irabaziko nuen.
Kontzentrazio batean parte hartzeko deitu dizute.
Murtziako Los Alcázares herrian egingo dugu, Aste Santuan. Oso gustura nago.
Esan al dizuete zer egin behar duzuen egun horietan?
Ez digute zehatz-mehatz esan, baina igandean, astelehenean eta asteartean goiz eta arratsaldez entrenatuko dugu.
Nori eskaintzen dizkiozu garaipenak?
Entrenatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet. Bestalde, gehien miresten nauen pertsona nire ahizpa da eta garaipenak berari eskaini nahi dizkiot.