Sute batek kalte materialak eragin ditu Ikaslanek Ordiziako industriagunean duen egoitzan
Bart goizaldean izandako sute batek kalte material ugari eragin ditu Ikaslan formazio zentroak Ordizian duen pabilioian. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen sutea, bai ordea 00:30ak aldera piztu dela. Suhiltzaileak berehala joan dira, eta ordubeteren buruan kontrolpean zuten sutea. Hala, suteak Ikaslanen pabilioia bakarrik kaltetu du, eta ez da ingurukoetara zabaldu.
Lakuako segurtasun sailetik azaldu dutenez, gaur goizean zehar aztertuko dute gertakarien lekua, kalteak ebaluatu eta sua zerk eragin duen aztertzeko. Ikaslaneko arduradunek argitu dutenez, “sarrera da pabilioiko zatirik kaltetuena, baina gainontzeko guztia ondo dago”. Harrera eta sarrerako bulegoak eta Ikaslanek erabiltzen duen ibilgailua kiskali ditu suak, “baina gainerako makina guztiak martxan daude”. Sarrera erabat beztuta dago, eta aseguru etxeak kalteak aztertu eta zenbatu ondoren hasiko dira garbiketa lanekin. Astelehen goizean “normal” hasiko dira langileak lanean, orduan hasiko baitira garbiketa lan nagusienak eta egiten. “Behar dugun materiala orduan eskuratuko dugu, kontenedoreak eta gainerako herremintak, asteburua izanda ezin baitugu material hori eskuratu”, azaldu dute.
Orain “garrantzitsuena” eguneroko lanari erantzutea dela jakinarazi dute Ikaslanetik. “Ahalik eta modurik normalenean jarraitu behar dugu lanean, bezeroek gertatu denaren ondoriorik nabari ez dezaten”. Ikaslan alboko eta industriaguneko gainerako lantegietatik jaso duten babesa eskertu dute Ikaslanetik, “denak edozertan laguntzeko prest agertu baitira”.


















