«Euskaltzaindiko azken liskarrekin jendeak pena hartu duela sumatu dut»
Hamabi urtean Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordean lanean ari da Iñaki Amundarain ormaiztegiarra (Donostia, 1966). Iazko otsailaren 22an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta aurtengo martxoaren 28an eman zioten diploma. Urtebete horretan liskarrak izan dira. Gramatika Batzordeko kideek sailean dimisioa aurkeztu zuten, zuzendaritzak onartu ez, ikuspegi desberdinak… Urgazle titulua eta krisia urrundik bizi izan ditu; euskara, barru-barrutik.
Hamabi urtean Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordean lanean ari da Iñaki Amundarain ormaiztegiarra (Donostia, 1966). Iazko otsailaren 22an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta aurtengo martxoaren 28an eman zioten diploma. Urtebete horretan liskarrak izan dira. Gramatika Batzordeko kideek sailean dimisioa aurkeztu zuten, zuzendaritzak onartu ez, ikuspegi desberdinak… Urgazle titulua eta krisia urrundik bizi izan ditu; euskara, barru-barrutik.
Lehenengo eta behin, ‘urgazle’ zer den esango zenuke?
Orokorrean, urgazle hitzak laguntzaile edo babesle esan nahi du. Urgatzi da aditza. XVI-XVII. mendeetan azaldu izan da, Iparraldeko eta bizkaierako testuetan. XVIII.etik aurrera oso gutxi erabili da, zubererako testu batzuetan bakarrik. XX. hasieratik berriro Hegoaldean ere azaldu da.
Eta euskaltzain urgazlea?
Euskaltzaindiaren barruan, batetik, euskaltzain osoak egoten dira. 25-30 bat pertsona dira, denok ezagutzen ditugunak, erakundearen norabidea erabakitzen dutenak eta botoa dutenak. Gero urgazleak daude, 110 bat. Ohorezko titulua da, ezer baino gehiago. Bilera arruntetara joateko aukera dugu, jende arruntak ez bezala. Hitz egiteko eta iritzia emateko aukera bai, baina botorik ez dugu. Urgazle-k, azken batean, akademiako kide izatea esan nahi du. Baina, tira, nik ez diet protokolo gauza horiei sekula kasu egin.
Zuk orain jaso duzu agiria, nahiz eta iaz izendatu.
Bai, orain diploma eman digute. Urgazle orain dela urtebetetik gara. Harremana lehendik neukan Euskaltzaindiarekin, 2002tik Gramatika Batzordean lana egiten dudalako. Lehenago zeudenetako batzuk edadez-eta aurrera, eta gazteagoak nahi zituzten hor lan egiteko. Azkeneko urgazleak orain dela hamar urte izendatu zituzten, eta orain berriro beste kuadrillatxo bat egin gaituzte, 14.
Nolatan hasi zinen duela 12 urte Gramatika Batzordean?
Euskal Filologia bukatu, eta doktore tesia egiteko ikerketa beka bat eduki nuen. EHUn gramatikaren inguruan ibili nintzen. Tesia (Juntadura eta elipsia euskaraz, EHUk argitaratua) 1997an bukatu nuen, eta geroztik gauzatxoren bat publikatu dut, irakasle lan normalaz aparte. Mundu horretako jendea ezagunak izaten gara asko eta asko. Euskaltzaindiko funtzionamenduko arduradunek ezaupidez esanda hasi ginen.
Zertan aritu zarete urteotan?
Gramatika Batzordearen lan nagusia izan da Euskal gramatikaren lehen urratsak lana osatuz joatea, azkeneko 30 urtean. Zazpi-bat liburu atera dira. Gramatikari buruzko zalantzak argitzea eta gomendioak egitea ere bada gure lana.
Ni sartu naizenetik menpeko perpausak deskribatzen aritu gara, mota desberdinetakoak. Lehendabizi lana nola egin behar den eztabaidatu, gure artean zatitu, eta bakoitza mota batez arduratu da; etxean landu, idatzi, eta gero batzordean beste kideei aurkeztu, denon artean adostasunera iristeko. Etxean ordu asko pasatu behar dituzu. Irakurlearengan ere pentsatu behar duzu.
«Ni sartu naizen denboran menpeko perpaus
motak deskribatzen aritu gara Gramatikan»«Euskaltzaindiak lehenago arautu gabe zegoena
arautu du, ez da ari beti aldatzen»«Dimisioa izan zen lan egitasmoan eta lan egiteko
eran desberdina zelako ikuspegia»
Arau izaera arloko batzordeak berak ematen du?
Ez, euskaltzain osoek bakarrik ematen dute arau izaera. Guk proposatu egiten dugu. Dena dela, Euskaltzaindian azkeneko urte hauetan arauak oso-oso gutxi izan dira. Historiari begiratuta, arau nagusia euskara batua da, eta horri dagozkion morfologia kontuak: degu, dogu ala dugu esan; zurekin, zuregaz edo zurekilan? Diot, deutsot, deraukot? Adibidez, gramatikari buruzko arauak oso gutxi dira, euskalkietan gauzak berdintsuak direlako eta aldaera gutxi dagoelako. Gainera, normalean bai bata eta bai bestea euskara batukotzat hartu izan da; berba egin edo hitz egin, biak.
Arau emaile ospea badu Euskaltzaindiak, bada.
Jende askok esaten du Euskaltzaindia arauak beti aldatzen ari dela. Hori ez da horrela. Euskaltzaindian oso arau gutxi aldatu dira. Gertatzen dena da lehenago arautu gabe zegoena arautu dela. Baina jende arruntak ezin du jakin araututa dagoen edo ez dagoen. Liburu batean ikusten du bolondres, eta pentsatzen du hori dela erabili beharrekoa. Euskaltzaindiak bere garaian esan du boluntario dela. Horrek eragiten du saltsa. Neurri batean normala da, normalizazio bidean doan hizkuntza bat delako.
Euskararen kasuan normalizazio hori oso bizkor egin da historikoki. Gaztelaniaz, prozesu hau XVIII. mendean gertatu zen, eta eragina hasieran gutxi batzuengan bakarrik zeukan: eskoletan, literaturan eta testu ofizialak idatzi behar zituenarengan. Jende arruntarengana gaztelania iritsi da ia 200 urte finkatuta zegoelarik. Euskararena hamarkada gutxiko kontua izan da, eta gainera horrekin jende guztia ohartzen delarik. Pixkanaka finkatuko dira gauzak.
Menpeko perpausen deskribapena bukatuta, orain zeri helduko diozue Gramatikan?
Horixe izan da, hain zuzen, aurretik izan den krisiaren jatorria. Etorkizunerako lan egitasmoetan eta lan egiteko eran sortu dira desadostasunak.
Orain, aurretik egindako zazpi tomo horiek pare batera laburtuko ditugu. Zaharkitutako adibideak euskara arruntagoan jarri, irakurterrazago eta erabilgarriago egin lana. Atal batzuetan ikuspuntua berritu beharra dago, orain 30 urte egindakoa urruti geratu delako. Bere garaian albora utzitako gai konplikatuak ere konponduko ditugu, eta eskuliburu bat ere egingo dugu. Hori izango da hurrengo 3-4-5 urteko lana.
Horrek eragin zuen polemika?
Horrek. Eta lan egiteko erak eta gora-behera horrek guztiak. Gramatika Batzordeko dimisioa izan zen lan egitasmoaren eta lan egiteko eraren inguruan ikuspegi desberdinak zeudelako. Taldean proposamen bat egiten genuen hurrengo urteetarako, eta ezezkoa jasotzen genuen; berriro egin eta ezezkoa… Batzordeak ikusi zuen gure lan egiteko erarekin konfiantza falta-edo zegoela. Gure proposamen guztiek ezezkoa jasotzen baldin bazuten, beste norabide bat har dezala.
Jada onbideratu da krisia?
Bai, jada bideratu da. Lehen pentsatuta bezala jarraituko du. Oso kanpotik bizi izan dut nik polemika, baina kaleko jendearengan, orokorrean, liskar hauekin pena sumatu dut. Iskanbila horiekin pena hartu du jendeak. Pentsatzen dut Euskaltzaindia erakunde maitea dela, euskaltasunaren ikurretako bat da jende gehienarentzat. Eta horren inguruan ere iskanbila sortzeak jendeari mina edo pena eman dio.