Urretxuko Udala Tokiko Agenda 21 berrikusten ari da, datozen zortzi urteetako plana egiteko. Lehen fasean diagnostikoa egiten ari dira eta herriko eragile ezberdinen iritzia jaso nahi dute. Azken bilera bihar bertan egingo dute: 18:30ean, kultur etxean. Lurraldeaz eta ingurumenaz hitz egingo dute eta urretxuar guztiak gonbidatuak daude.
BIZIbili Urola Garaian izeneko ekimena jarri dute martxan Goierri garaiako lau udalek. Ekimenaren barruan bizikletan ibiltzeko ikastaroa egingo dute etzitik hasita eta ekainaren 5era arte. Ez da, halere, bizikletan ibiltzeko teknika erakusteko ikastaro soila; eguneroko bizitzan egin beharreko joan-etorriak txirrindu gainean egitea bultzatzea da ekimenaren helburu nagusia. Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek Uggasa garapen agentziarekin batera eta Godoy Bike&Ride bizikleta dendaren laguntzarekin antolatu dute ikastaroa.
Bertatik Bertara egitasmoaren datozen urteetarako ekintza plana egiteko hausnarketa prozesua martxan jarri dute. Hurrengo bilera asteazkenean egingo dute eta bertan kontsumitzaileek parte hartuko dute. Bertatik Bertara proiektua Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalek jarri zuten abian, bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko. Uggasa garapen agentzia, Goimen eta Aldundia ere egitasmoaren atzean daude.
http://youtu.be/T56JYLDsIRc Gaur jarri da Beasainen TAO sistema martxan. Goizean nabarmen zeuden TAO guneko aparkalekuak hutsik, baina, eguerdi alderako joan dira, pixkanaka bada ere, betetzen. Hilario Urretabizkaia udaltzainaren arabera "Gipuzkoa plazan aparkatzen zuten CAFeko langileen auto gehienak falta ziren, eta Porteria ingurua beteta zegoen. Murumendiko irakasleek lanak izan omen dituzte aparkatzeko. Bernedoneko parkinga berriz, beteta".
Hamabi urtean Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordean lanean ari da Iñaki Amundarain ormaiztegiarra (Donostia, 1966). Iazko otsailaren 22an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta aurtengo martxoaren 28an eman zioten diploma. Urtebete horretan liskarrak izan dira. Gramatika Batzordeko kideek sailean dimisioa aurkeztu zuten, zuzendaritzak onartu ez, ikuspegi desberdinak… Urgazle titulua eta krisia urrundik bizi izan ditu; euskara, barru-barrutik.
http://youtu.be/YhZ0CWYIRCI Legazpiko Santikutz jaiak bukatzeko, Mirandaolako eguna ospatu zuten atzo. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, jende ugari bildu zen, goizetik hasita. Meza egin zuten aurrena, gurutzearen erlikiarekin. Ezpata dantza egin zuten gero, txistulariek lagunduta; baita olagizonen erakustaldia ere. Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako umeek eta bertso eskolako ikasleek ere parte hartu zuten. Bazkalondoan, Elustondo anai-arrebek alaitu zuten giroa.