Migel Mari Jauregi 'Altzo' da segako ligaxkako lehen liderra
Almitza segalari elkarteak antolatuta, atzo hasi zen nazioarteko eran jokatzen den Euskal Herriko VI. Sega Ligaxka. Ohi bezala, hiru jardunaldi izango ditu. Lehena Etxalekun (Nafarroa) izan da, eta goierritarrek lan ona osatu dute. Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra jarri da lider, 100 metro koadroko saila 3:12 minutuan ebakita. Epaileen balorazioaren ondoren —txukuntasuna hartzen da kontuan nazioarteko ebakeran—, 32 segundoko gehigarria erantsi zioten. Denera, 3:44 minutuan borobildu du.
Altzoren atzetik, Igor Esnaola legorretarra sailkatu da (3:54.86), eta hirugarren Juan Mari Agirrezabala lazkaotarra (4:07.21). Gizonezkoen atalean 16 segalarik parte hartu dute.
Emakumeen atalean, onena Alatzne Etxaburua izan da Etxalekun (1:53.76 minutu). Bigarren Alaitz Imaz (2:12.27), hirugarren Aloña Galarraga idiazabaldarra (2:16.35), laugarren Ainhoa Galarraga (2:17.77) eta bosgarren Ixabel Ansa (3:02.03) izan dira. 35 metro koadroko saila (7×5 metro) ebaki dute emakumezkoek.
Gaztetxoen mailan, bi segalarik eman dute izena: Unai Mitxelenak (1:50.54) eta Jon Otegik (2:24.08). Haurrentzat erakustaldi moduko probak ere jartzen dituzte.
Sega ligaxkaren bigarren saioa Zaldibian jokatuko da, uztailaren 5ean (18:00etan, Irastortza baserriko zelaietan), eta hirugarren eta azkena Azpeitian, uztailaren 27an (eguerdian, Ikasberri ikastolaren alboko zelaietan).