600 bihotz operan
Gi-631 Herri Operak ez du opera lirikoen antzik. Gorka Hermosa soinujole urretxuarraren eta Herri Operaren zuzendari artistikoaren hitzetan, «Richard Wagner musikagile alemanak zioen opera arte guztien bilgunea zela. Wagnerren operaren kontzeptua gure herrietara moldatu dugu eta 600 bat artista elkarlanean aritu gara».
Urretxuk eta Zumarragak izena aldatuta izango dute 2383. urtean; Gi-631 deituko dira, bi herriak zeharkatzen dituen errepidea bezala. Herri Operaren baitako film laburraren eta antzezlanaren abiapuntua 2383an kokatu dute. Bi protagonistek mila urteko jauzia egingo dute eta herri-izaera berreskuratzea izango dute helburu. Kontakizun hau da eskainiko dituzten hamalau musika piezak lotuko dituen haria.
Urretxuko Udalak herrigintza landu nahian hainbat parte hartze mahai abiarazi zituen, tartean, kultur arlokoa. Mahai horren jardunarekin bat egin zuen Gorka Hermosak herrian lan egiteko gogoa zuen. Behin bi bide horiek elkartuta, Herri Operaren lehenengo zirriborroa egin zuten. Operaren kontzeptua zein izango zen zehaztu eta gero, Urretxuko eta Zumarragako artisten zerrenda osatzeari ekin zioten. Hermosak azaldu duenez, «hiruzpalau hilabete eman genituen artisten zerrenda osatzen, eta harremanetan jartzen».
Artisten arteko koordinazio lanetan ezinbestekoak izan dira sare sozialak. Hermosak Facebook-en Urretxu-Zumarragako Artea izeneko orria ireki zuen eta bertan, honezkero, 1.500 lagunek izena emana dute: «Bilgune birtuala izateko xedearekin sortu nuen. Artistok gure herrikideak zertan ari diren jakin dezagun». Facebook-en sortutako profil hori artisten arteko lanaren abiapuntua eta jomuga izan da. Hermosak Whatsapp-a ere ez dauka saltzeko: «Mezu zerbitzariari esker lantaldeak osatu, eta komunikazioa areagotu dugu». Operaren prozesuan bilera birtualak ohikoak baino gehiago izan dira.
Wagnerren operaren kontzeptuari jarraiki, prozesuan Urretxuko eta Zumarragako musikariak, bertsolariak, argazkilariak, dantzariak, arropa diseinatzaileak, film egileak, produktoreak, aktoreak, ile-apaintzaileak, gidoigileak, diseinatzaile grafikoak eta abar luze bat elkartu dira. Hermosak diren guztiak ez egoteagatik barkamena eskatu du aldez aurretik, eta idazleekin arantza duela esan du: «Gidoia zatitan idaztea zaila egin zitzaigun eta idazleen lana ez da guk nahi beste azalduko. Edonola ere, ariman bada ere taula gainean egongo dira».
«Wagnerren hitzetan opera arte guztien bilgunea da; hori herriotara moldatu dugu» «Whatsapp-ari esker lantaldeak osatu, eta komunikazioa areagotu dugu» Gorka Hermosa (Zuzendari artistikoa)‘Baina bihotzak dio’ Herri operak badu bere abestia. Jaiotzez urretxuarra den Jon Maiak egin zuen letra eta musika Edurne Iturbe trikitilari urretxuarrak sortu zuen. Baina bihotzak dio titulua jarri zion Maiak. Ahotsak bi herrietako kantariek ipini dituzte: koruetakoek, rock taldeetakoek, Sekundino Esnaola musika eskolako ikasleek, rap taldeetakoek… Ahotsekin batera musikari askok parte hartu dute abestiaren grabazioan. Herri Operaren abestian musika estilo asko nahastu eta elkarren ondoan jarri dituzten bezalaxe, opera emanaldiaren hamalau piezetan musikariak batere ohikoa ez den eran ezkonduko dituzte; esate baterako, txistulariak eta jazz estiloa jorratzen duen Big Band-a. Edurne Retegi Urretxuko txistulariak nahasketa hori nabarmendu du: «Bi abestitan koruarekin eta soka orkestrarekin arituko gara, bestean jazz talde batekin. Azken honek ikasteko aukera polita eman digu. Herri Opera bi herriotako kultur aberastasuna erakusteko modua da». Iñigo Peñagarikano Zumarragako txistulariarentzat, «musika estilo ezberdin bat probatzeko parada» eman die operak Jesus Mari Domingez Buli txalaparta jotzaileak nabarmendu du, «bi herriotan inoiz ez da halako lankidetza lanik egin». Herri Opera bihar aurkeztuko dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan, 22:30etan, eguraldi ona lagun; bestela Ederrena frontoian bi emankizun egingo dituzte, 19:00etan eta 22:30ean. Bi udalek Herri Operari bidea eman diote eta parte hartuko duten 600 artistek musutruk bihotza eta gogoa gehitu diote.