Gorka Nuñez prestatzaile fisikoa kontratatu du Ordizia Rugby Elkarteak
Taldeen egoera fisikoa eta teknikoa hobetzeko asmoz, lanean ari dira Ordizia Rugby Elkartean. Joan den denboraldiko sailkapenen “balantze ona” egin duten arren, datorren denboraldiari begira “landu beharreko” arloak ez direla falta diote.
“Klubean aldaketa ugari izan dira urtean zehar eta guk nahi baino zailagoa izan da hori dena koordinatzea”, diote. Hala ere, kudeaketan, formazioan, laguntzaile eta zaletuen arretan, eta jokalarien prestakuntza fisikoan eta teknikoak lanean ari dira.
Era horretan, Gorka Nuñez prestatzaile fisikoa kontratatu dute 2014-2015 denboraldirako; eta dagoeneko hasi da jokalariekin lanean. Lehen ere Ordizia Rugby Elkartean lan egindakoa da Nuñez.
Hitzordu garrantzitsuak
Datozen asteetarako bi hitzordu garrantzitsu egin ditu errgubi elkarteak. Hala, datorren astean garagardo azoka egingo dute. Klubarentzat “iturri ekonomiko” garrantzitsua dela diote eta “ahalik eta zerbitzu onena emateko” lanean ari dira. Era berean, uztailaren 5ean, Ordizia Rugby Elkartearen eguna ospatuko dute. Jokalari, zaletu nahiz klubeko kideentzat festa eguna izatea nahi dute. “Amaitu den denboraldiaren hirugarren denbora izango da eta datorrenarentzat lehenengo bultzada emateko garaia”, diote.