Junior mailako Gipuzkoako Itzuliak bi etapa izango ditu Goierrin
San Joan jaiak ospatuko dituzten Goierriko bi herrik Gipuzkoako Itzuliko etapa bana hartuko dituzte, aurten ere. Junior mailako txirrindularien herrialdeko proba entzutetsuenak ohiko egitura izango dute. Hala, gaur hasiko da Aian (Gipuzkoa), 2,5 kilometroko erlojupeko aitzinetaparekin.
Lehenengo etapa, bihar, Olaberrian hasiko eta bukatuko da, Arkupe elkarteak prestatutako 75 kilometroko ibilbidean. 10:00etan hasiko da, eta 11:50 inguruan bukatu. Olaberria bi aldiz igoko dute, aurrena Lazkaotik, eta helmugaratzerakoan Oiarbidetik. Gabiria (Alegia aldetik) eta Lierni dira beste mendateak.
Igandean bigarren lan saioa Andoainen egin ondoren (92 kilometro, Andazarrate eta Xoxoka mendateekin), bukaera Seguran izango du Itzuliak (88 km), astelehenean. 16:00etan hasita, Zegamara hiru joan-etorri osatu, eta Ihurretik bi bira egingo dituzte, Lierni igoz. Azken biran, Zerain, Mutiloatik gora Ergoene eta Lierni gainditu beharko dituzte, Seguran 18:10ean bukatzeko.