«Lana banatzen dugu eta hala askoz ere errazagoa da klub bat aurrera ateratzea»
Jon Pol Agirrek (Urretxu, 1972) urte asko daramatza saskibaloi munduan. Ikastola-Urmek taldean eman zituen lehen pausoak. Ondoren, Goierri taldean jokatu zuen, eta egun, Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailaren arduraduna da.
Nondik datorkizu saskibaloirako zaletasuna?
Futbol zalea nintzen, baina Urolak ez ninduen hartu eta saskibaloian hasi nintzen, sortu berria zen Ikastola-Urmek taldean. Kuadrillako beste batzuekin hasi nintzen saskibaloian: Aitor Bastarrika, Aitor Chico eta Asier Garmendiarekin. Ordurako, Gorka Oruesagastik eta Gorka Garmendiak Goierrin jokatzen zuten. Garai hartan NBAk izen handia hartu zuen gure artean. Magic Johnson, Kareem Abdul Jabbar, Isiah Thomas, Michael Jordanen… garaia zen, eta erraza zen zaletzea.
Zerotik hasi al zineten?
Bai. Eskola kirolean ikasitakoa bakarrik genekien. Baina ederki pasatu genuen. Valentin Berriotxoa zen gure entrenatzailea.
Nolako jokalaria zinen?
Pibot txikia nintzen. Borrokalaria. Defentsan erasoan baino dezente hobeto moldatzen nintzen.
Ze ibilbide osatu zenuen?
Ikastola-Urmek taldean kadete eta gazte mailan aritu nintzen, eta ondoren Goierrira joan nintzen. 23 urte azpikoen taldean urte batzuk eman nituen eta talde nagusian partida gutxi batzuk jokatu nituen. Jokatzeari utzi eta berehala entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Saskibaloi saileko ordezkariak utzi zuenean, nik hartu nuen bere tokia, etaordutik, antolaketa lanean nabil.
Asko aldatu al da saskibaloia urte hauetan guztietan?
Ikaragarri aldatu da. Sailaren ardura hartu nuenean hiru talde bakarrik genituen: kadeteena, gaztena eta nagusiena. Duela bizpahiru urte, berriz, hamabost talde eduki genituen. Egun, hamabi ditugu. Horiei, saskibaloi eskola gehitu behar zaie. Bestalde, aipatzekoa da saskibaloiak nesken artean hartu duen indarra.
Zer dela eta hazi da horrenbeste saskibaloi zaletasuna?
Urte asko daramatzagu gogor lan egiten: igande goizetako saskibaloi eskola, kanpusa, 3×3 txapelketa… Lanak bere fruituak eman ditu.
3×3 txapelketarekin saskibaloia kalera ateratzen duzue.
Bi egun horietan haur eta gazte askok jokatzen dute saskibaloian, eta Gernikako Arbola plaza jokalariz lepo ikustea deigarria da.
Zer eman dizu saskibaloiak?
Partida guztietan gozatu dut, eta gehienetan zer edo zer ikasi dudala uste dut. Beti oso ondo pasatu dut. Saskibaloiak une onak eta lagun pila bat eman dizkit.
Zein da Goierrin ikusi duzun jokalari onena?
Sergio Gonzalez, esango nuke.
Zein da zure talde kuttuna?
Nire lehen taldea Goierri da, noski, eta bigarrena Baskonia. Lehen, urtean behin joaten ginen Gasteizera Baskoniaren partida bat ikustera, baina geroz eta gutxiago joaten naiz.
Zein da zure gustuko jokalaria?
Joe Dumars asko gustatzen zitzaidan. Detroit Pistons taldean jokatzen zuen, Isiah Thomasekin-eta. Pistons NBAko talde kuttuna nuen. Urte haietan bakarrik ibili zen ondo! Ez iezadazu galdetu egun nola dabiltzan. Apenas ikusten dut telebista, eta hemengo taldeak nola dabiltzan ere ez dakit.
Goierrirekin nahikoa lan izango duzu.
Zorionez, lan talde ederra osatu dugu. Hainbat entrenatzaile ditugu, gurasoek ere asko laguntzen digute… Lana banatzen dugu eta hala askoz ere errazagoa da klub bat aurrera ateratzea.
Saskibaloi saila Goierriren sail historikoetako bat da.
Hala da, baina egia esan ez dakit zein urtetan sortu zen. Lehen partida ofiziala 1971n jokatu zela uste dut, baina lehenago La Salle-Castellblanch izeneko talde bat zegoen.