Legorretan Herri Krosa jokatuko da bihar, Korpus eguneko festan
Legorretan sustrai sakonak dituen ohitura da, gaur egun oraindik, Korpus eguna ospatzea. Goierriko beste herri gehienetan galdu bada ere, legorretarrek plazan afari-merienda egingo dute, antzinako usadioan. Festa bihar da, eta goizean hasiko da, dagoeneko ohitura txikiagoa ez den Herri Krosa jokatuta.
Hain zuzen, goiz partea kirolari eskainiko diote. Lehenengo haurren krosa izango da, 10:30ean, eta ondoren larriena, 11:30ean. Aurten 36. ekitaldia izango du helduen Korpus Kristi krosak (16 urtetik goraentzat), Bilkoin, Jota Kea eta Aldapa Haundi elkarteek eta udalak antolatuta. Izen-ematea doan da, eta 11:00etan itxiko da, udaletxean. Internetez ere apunta liteke (herrikrossa.com).
Korrikalari mordoxka inguratu ohi du, urtero, Herri Krosak. Iaz 181 atletak bukatu zuten; Patxi Mendizabal eta Izaro Rubio izan ziren garaile. Parte-hartze oparoaren arrazoia, ibilbide lauaz gain —7,5 kilometroko zirkuitua da, herrigunean hiru bira eginda—, korrikalariei eskaintzen dieten arreta izan liteke. Izen-ematea dohainik izateaz gain, bukatutakoan hamaiketakoa jateko aukera izango dute, plazako pilotalekuan. Ugaro herri eskolako komunak eta dutxak ere erabil ditzakete.
Sariak lehenengo hiru sailkatuentzako jarri dituzte, garaikur bana, nola gizonezkoetan, hala emakumezkoetan. Herriko lehen sailkatuei ere emango diete saria. Gainontzeko partaideen artean, berriz, opariak, herrian ekoitzitako jaki-edari produktuak eta antzeko sariak zotz egingo dituzte.
Zahagi ardoa eta afaria
Aspaldiko ohiturari eutsiz, udalak zahagi ardoa eskainiko die herritarrei. «Ardo bikain bat» ekarri dute, eta arratsaldean banatuko dute, kuadrillen, familien eta bisitari guztien artean.
Ardo dastatze txapelketak ere ekitaldi berezia du: 25. aldiz egingo dute. Zurrut kuadrillakoak hasi ziren antolatzen, «herrian hain sustraitua dagoen txikiteo usadioa indartzeko». Ondoren, plazan eseriko dira legorretarrak, afari-meriendak egiteko.
Legorretako Zero Zabor ekimenak eta udalak, bestetik, afaritan ahalik eta zabor gutxien sortzeko, ontzi eta mahai-tresna berrerabilgarriak banatuko ditu herritarren artean, afaldu aurretik. Afalondoan jasoko dituzte atzera, garbitu gabe. Ingurumenaren aldeko kontzientzia zabaldu nahi dute, hala. «Denborarekin herritarrek beren ontziak etxetik ekartzea lortu nahi da. Beraz, horretara ere animatu nahi ditugu», aurreratu du Zelai Amenabarrok, bi erakundeen izenean.
Krosaren garaian, 11:30etik 12:30era, Gi-2131 errepidea itxi egingo dute ibilgailuentzat.
Egitaraua
Korpus eguna, bihar
- 10:30. Haurren krosa.
- 11:30. Helduen 36. Herri Krosa.
- Ondoren. Sari banaketa eta hamaiketakoa.
- 17:30. Barraskilo lasterketa.
- 18:00. Ardo dastatzeko 25. Txapelketa.
- 18:30. Zahagi ardoa.
- 19:30. Afari-merienda plazan.
- Ondoren. Kalejira goizaldera arte, Burrunbazale txaranga.