50 oroitzapen, iruditan
Istorioak, anekdotak zein pasarte ugari utzi ditu Amets Bide dantza taldeak sortu zenetik gaur eguneraino. Hain justu ere, aurten 50. urteurrena ospatzen ari dira. Urtemugaren aitzakian hainbat ekintza egiten ari dira urtean zehar.
Urtarrilean argazki bilketari ekin zioten. Taldeko Enara Etxeberria eta Usue Garmendia arduratu dira dokumentazio lan horretaz. Urteurren ospakizunetarako dantzari ohiekin emanaldiak prestatu dituztenez, dantzarako hitzorduak aprobetxatu dituzte jendeak etxean zituen argazki zaharrak jasotzeko. «Argazki pilo bat jaso dugu, ehunka», dio Etxeberriak.
Taldeko kideek pentsatzen zuten jendeak etxeetan argazki asko izan behar zituela, eta azkenean bildu eta oroitzapenak elkarbanatzeko aitzakia polita bihurtu da. «Askok digitalean eman dizkigute, beste asko paperean etorri dira. Altxor ugari aurkitu ditugu», dio taldeko kideak. Hala, guzti horiek jaso, behar zen kasuetan digitalizatu eta dokumentatzen lan luzea egin behar izan dute.
Dantzari ohiez gain, herriko beste hainbat bizilagunek eta elkarteetako kidek ere eman dizkie argazkiak. «Txapel Gorri elkartekoek argazki pilo bat zituzten gordeta eta digitalizatzeko utzi dizkigute», diote.
Altxor ugari
Jasotako argazkien artean dago Amets Bideren lehen taldeko argazkia. 1964an sortu zen taldea eta 18-20 bitarteko 30en bat pertsonek osatu zuten hasieran. Lehen emanaldia ez zen urte gutxi batzuk geroago arte iritsi. Ordiziako Herri Antzokian egin zuten 1969an; orduko argazkia ere jasota dute.
Asko talde argazkiak eta emanaldietakoak diren arren, detaile txikiak jasotzen dituzten irudiak ere badaude. Horien artean dago orrialde honetako argazki nagusikoa, jaietako haurren egun batekoa. Iñaki Hidalgo kultur teknikariak eman zien argazkia dantza taldekoei. Edonola ere, Hidalgok ere ez dauka datu gehiagorik argazkiaren gainean, noizkoa den edo zeintzuk diren. Haur egun batekoa dela dio, uztailaren 28koa, eta gaur egungo Barrena Kultur Etxe aurreko Nikolas Lekuona Plazan aterea. Irudi polita hau ere, atzera egin eta oroitzapenak astintzeko.
Hilabete osoan zehar egon da ikusgai erakusketa D’elikatuzen
Ekainaren 6an, ostiralarekin, ireki zuten Ordiziako D’elikatuzen Amets Bide dantza taldearen 50 urteko ibilbideko hainbat une jasotzen dituzten argazkien erakusketa. Argazkiekin batera, ordea, azken hamarkadetako oroitzapenak eta istorioak jasotzen ditu erakusketak. Argazkiez gain, erabili izan dituzten jantzi eta beste hainbat material ere jendaurrera atera dituzte. Ikusteko gogoz, jende ugari pasa da bertatik hilabete osoan zehar.