Euskal musikaren ‘badok.info’ gunea Lazkaon aurkeztuko dute
Euskal musikaren Interneteko entziklopedia aberatsa da badok.info webgunea. Berria egunkariak orain gutxi berritu du, eta atariaren arduradun Jon Eskisabel kazetari lasartearrak Lazkaon aurkeztuko du, astelehenean 19:00etan, Gerriko txokoaon. Elkarteak antolatu du saioa.
Euskarazko kantagintzaren datu base osatuena da badok.info. Ia bi mila disko, 11.000 kantu eta ehunka musikariren informazio biografikoa dauka. Informazioa aurkitzeko, musikarien eta taldeen lana zabaltzeko nahiz kontsultatzeko —kantuak entzun litezke— webgune aproposa da, «entziklopedia baten modukoa».
Eskisabelek atari berrituaren izaera, helburuak eta edukia aurkeztuko du.
Datorren astean, Gerriko elkarteak antolatuta musikarekin lotutako ekitaldi bakarra ez da izango aurkezpena. Ladislao talde lazkaotarraren kontzertua ere izango da.
Ladislaoren saioa ostegunean
Ostegunean, 19:00etan, udaletxe ondoko zubian joko dute Xabier Lekuonak, Josu Errastik, eta Joseba eta Iker Artzak. Pantailak diskoa aurkeztuko dute zuzenean, bide batez.
Aurten grabatu eta argitaratu dute Pantailak, Tolosako Bonberenea gaztetxeko zigiluarekin. Punk-rocka eta hard-corea nahastu dituzte, 11 abestitan.