Kanpandegiko errotonda inauguratu dute aldundiak eta udalak, Lazkaon
Lazkaoko hegoaldeko sarrera-irteerak atondu dituen biribilgune berria gaur eguerdian inauguratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak, ofizialki. Bidegurutze arriskutsua kentzeaz gain, Zubierreka industrigunerako sarbide berria egokitu dute, Agauntza errekaren gainean zubi berria eraikita. Kanpandegi baserri zaharra eraitsi behar izan zen, horretarako.
Ibilgailuentzat duela egun batzuetatik irekita zegoen arren, aldundiaren Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek eta Lazkaoko alkate Azeari Andonegik gaur erakutsi dute azpiegitura berria, udal ordezkari, aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko zuzendari, eraikitzaile enpresa, teknikari eta Hirigintza Batzordeko kideei azalpenak emanez.
Bide segurtasunean eta oinezkoentzat industrigunerako lotunea egiterakoan aurrerapausoa dela ziurtatu dute. Etorkizunerako, Kanpandegi inguruan aurreikusitako industrigunerako sarbidea ere utzi dute.