Laguntzak nekazarientzat
Dagoeneko ireki du Gipuzkoako Foru Aldundiak Landa Garapeneko diru laguntzen deialdia. Hala nahi dutenek uztailaren 11ra arte eskatu ahal izango dituzte diru laguntzak. Aurtengoan ustiategiak modernizatzeko nekazariek jaso dezaketen kopurua iazkoa bino % 5 handiagoa izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.730.000 euro banatuko ditu nekazaritza iraunkorragoa sustatzeko, abeltzaintza ez intentsiboari laguntzeko eta lurreko baratzezaintza garatzeko.
480.000 euro nekazari eta abeltzain gazteei laguntzeko izango dira. Orain arte, gazteen adin muga 40 urtekoa zen, alabaina, aurten, 41 urtera artekoek eskatu ahal izango dituzte gazteei zuzendutako laguntzak. Aurten iaz baino 40.000 euro gehiago ezarri dira aurrekontuan, gazteek euren instalaziorako kontratatzen dituzten maileguen interesak bonifikatzeko.
Diru laguntzak jasotzeko sistema ez da konpetitiboa izango, hots, baldintzak betetzen dituzten guztiek jasoko dute laguntza hori.
Bestalde, onuradunak, gutxienez 10 urtez aritu beharko du nekazaritzan lanean, behin laguntza jaso duenetik kontatzen hasita, eta aurtengo deialdian, gehienez, 100.000 euro jaso ahal izango ditu.
Laguntza eskaerak ustiategiari dagokion eskualdeko nekazaritza bulegoan aurkeztu behar dira. Gipuzkoako egoitza elektronikoan ere egin daiteke eskaria, www.gfaegoitza.net helbidean.
Lanpostu berdeak
Urteroko laguntzez gain, aurten, diputatuen kontseiluak laguntza lerro berri bat onartu du Gipuzkoako udalerrietan lanpostu berdeak sortzeko.
Programa honek 238.000 euroko aurrekontua dauka, eta erabili gabe dauden nekazaritza lurrak prestatzeko, eta herritar langabetuei zein nekazaritza ekologikoan ari diren baserritarrei errentan eskaintzeko baliatuko da.
Horrez gain, udalek lurren azterketak egiteko, edota kanal laburreko salmenta bultzatzeko ere jaso ahal izango dute dirua.