Lazkaon garagardo festa egingo dute gaur-biharretan ‘Berria’ eta Gerrikoren alde
Garagardo azoka ospatuko da asteburu honetan Lazkaon. Gaur eta bihar irekiko dute, plazako pilotalekuan. Gerriko kultur elkarteak antolatu du, eta utz dezakeen diruarekin elkartearen beraren urteko ekitaldiak finantzatuko dituzte, batetik, eta Berria egunkariari bideratuko diote beste zati bat, euskarazko prentsaren aldeko keinu gisa.
Iazko ordutegi, eskaintza eta funtzionamendu bera edukiko du, aurten ere. Aldaketa batekin: bi egunez bakarrik zabalduko dute aurten (iaz ostegunean hasi zen). Gaur 19:00etan hasiko dira zerbitzua ematen, gauerdira arte; bihar, beste horrenbeste.
Edariari dagokionez, zortzi garagardo mota desberdin jarriko dituzte, iaz bezala. Berritasuna garagardo eta lejia deituriko limoi zuku nahaski bat da, enpresa hornitzaileak ekarria. Alkoholik gabeko garagardoa ere egongo da, botilan aterata hori.
Iazko prezio beretan
Jateko eskaintza, berriz, alemaniar txerriki motekin osatuko dute, batik bat: txonkoa edo txerri ukondoa, saltxitxak, eta postrerako ijito-besoa. Bakarka nahiz menu osoan jan ahal dira.
Horiez gain, solomo eta hirugiharre ogitartekoak ere prestatuko dituzte, frontoian muntatuko duten txosnan bertan.
Egoera ekonomiko orokorra ikusita, eta festaren helburu bat «diru pixka bat biltzea» den arren, iaztik ez dituzte produktuen prezioak igo. Menu osoa hartuta, 25 euroan afaldu ahalko da. Garagardo pitxarkada bakoitza 3,50 euroan salduko dute.
Festaren inguruan ez dute ekitaldi gehigarririk antolatuko. Iaz zuzeneko musika emanaldia izan zen, esate baterako. Aurten ez da disko-jartzailerik ariko. Girotzeko musika jarriko dute, hala ere.