
Idiazabalgo Udalak kiroldegia eraberritzeko proiektua aurkeztu die herritarrei. 2011n frontoia eraberritzeko batzordea eratu zuten; hainbat bilera egin zituzten kiroldegiaren egungo egoera eta etorkizunera begira egin beharreko onurak aztertzeko, eta bilera horietako ondorioak proiektu batean islatu dituzte.
Asteazken iluntzean aurkeztu zuten proiektua udaletxean Ioritz Imaz alkateak eta Iñigo Imaz eta Eneko Plazaola arkitektoek. Oinarrizko proiektua izan arren, gauzatze mailako proiektu baten mailako aurrekontuak aurkeztu zituzten, herritarrek informazio ahalik eta zehatzena izan zezaten.
Helburua kiroldegia eraberritzea da, eta horretarako, bi planteamendu egin dituzte arkitektoek, ezaugarri eta kostu oso ezberdinekoak biak.
Lehenik, eraberritze batzordean aipatutako irizpideak betetzen dituen proiektuaren berri eman zuen Plazaolak. Proiektu horrek lurzoru gehiago hartu gabe, egungo eraikina baliatuko luke kiroldegiak dituen gabeziak osatzeko.
Hori lortu ahal izateko solairu berri bat eraikiko lukete, egungo teilatua kenduta. Gune horrek zerbitzu berriak jartzeko espazioa izango luke, eta aldagelak eta gimnasioa jarri ahal izango liratekeeta esan du Plazaolak.
Gune finko horiez gain, panel bidez distribuzio bat baino gehiago ahalbidetuko lituzkete solairu horretan. Adibidez, aerobic edota spinning eskolak emateko lekua izan litekeela espazio hori adierazi du Plazaolak.

Halaber, eraikinak irisgarritasun baldintzak beteko lituzkeela nabarmendu du arkitektoak, eta nola ez, kirol jarduerak egiten diren lekuetan bete beharreko instalazio guztiak izango lituzkeela azaldu du, berokuntza sistema, aldagelak eta komun egokituak, kasu.
Kaleko sarreran, harrera gunea edo taberna kokatzeko lekua gordetzen du proiektuak; gune honetatik, gainera, goiko solairuetara igotzeko, eskailerez gain, igogailua ere egongo litzateke.
Bestalde, egun harmailetara joateko igaro behar den solairuak leku gehiago izango luke, eta espazio horretan, edozein ekitalditan hain beharrezkoak diren komun egokituak izango lituzkete.
Proiektua diseinatzerakoan argiztapena ere oso kontuan izan dutela azaldu zuten; hala, argi naturala aprobetxatze aldera beiraz hornituko lukete kiroldegi eraberritua.
Proiektu hau gauzatuz gero, kirol eskaintza guztiak eraikin berean bilduta egongo lirateke, erabilera anitzeko lekua izango litzateke, edozein ekitaldi antolatzeko modukoa; horrenbestez, batzordeko irizpideak beteko lituzke.
Diseinu honen ezaugarri azpimarragarrienetako bat lurzoru gehiago hartu gabe espazioa areagotzea izan dela esan dute arkitektoek. Distribuzio aldaketa honekin, egungo kiroldegiak baino 550 metro koadro gehiago izango lituzke eraikinak.
Baldintza guztiak bete ahal izateko, ordea, inbertsio handia behar du kiroldegiak; proiektuaren aurrekontua, beza barne, 2.200.000 eurokoa da.
Kostu altuaz jabetuta, beste proiektu bat ere egin dute arkitektoek. Bigarren honek ez ditu batzordearen irizpide guztiak betetzen, baina egunerokotasunean kiroldegiak dituen arazoak konponduko lituzke, eta askoz ere merkeagoa izango litzateke, 450.000 euroko kostua izango bailuke.
Bigarren proiektua, aurrekoa ez bezala, epe laburrean gauzatzeko modukoa da, gainera, eta eraikinak une honetan dituen arazo nagusiak konponduko lituzke; hala nola, estaldura aldatuko lukete, itukinak konpondu, aldagelak txukundu, eta erabilera jakinik ez duten guneak ordenatuko lituzkete, baliagarriak izateko.
Kasu honetan ere, komun publikoak izango lituzke eraikinak eta irisgarritasunera begira, kaletik sartzeko aldapatxoa jarriko lukete.
Halaber, biltegi bat sortzeko aukera izango lukete, eta lortutako espazioan, taberna edo jolas gune bat jartzeko aukera legoke. Bestalde, egun taberna dagoen tokian panel mugikorrekin gimnasio gune bat jartzea plantea litekeela azaldu zuen Plazaolak.
Frontoiko proiektuaz hitz egiten jarraitzeko datorren ostegunean, 19:00etan, udaletxean elkartuko dira berriro idiazabaldarrak.
Aterpe beharra herrian
Asteazkeneko batzarrean, kiroldegiaz ez ezik, herrian aterpe bat jartzearen beharraz ere mintzatu ziren.
Aterpe horrek izan beharko lukeen kokalekuaren gainean eztabaidatu zuten batik bat, eta horren harira, orain arte jaso dituzten hainbat iradokizunen berri eman zuen Imazek; futbito kantxa, frontoi atzeko parkea, frontoi zaharra edota Txomenaneko parkea aipatu zituen aterpea jartzeko balizko leku moduan.
Alabaina, udalekoek plaza nabarmendu zuten. Izan ere, une honetan, plazan konpondu beharreko afera ugari daude; adibidez, komun publikoak ez dira irisgarriak; halaber, bertako kioskoa urtean «gehienez, lau aldiz» erabiltzen dutela esan zuen.
Imazek aterpea plazan egitea bi arazori konponbidea emateko modua izango litzatekeela aipatu zuen; edonola ere, bestelako ideiak ere plantea daitezkeela gaineratu zuen.
Plazako aterpearen proiektua aukeratzeko, ideia lehiaketa antolatuko du udalak. Horretarako, parte-hartzaileek bete beharrako baldintzak adostuko dituzte lehenik,
Aurkeztutako ideien balorazio teknikoa egin ostean, herritarrek euren iritzia emateko aukera dute proiektuen inguruan.