Uxua Barandiaran
G2Heko parte hartzailea
Urduritasuna, emozioa, errespetua, izugarrizko gogoa… zenbat sentimendu desberdin horren segundu gutxitan.Gaueko hamaikak iristearekin batera hasi gara korrika Goierriko Bi Handiak probako kirolariak gauaren iluntasunari argi piska bat jarriz. Kuadrillako adiskide eta ibilbidean zehar bidelagun izan dudan Lide, eta azken mendi abenturetako lagun Ion Iñaki aldamenean ditudala Beasaingo kaleak giro ezin hobean igaro ondoren, Ordizia aldera abiatu gara. Jende zalapartaren ondorengo lasaitasuna ere pozik hartzen da, eta horrela abiatu gara Oiangu aldera. Bertatik Zaldibiarako bidea oso atsegina egin zait eta uste baino erosoago noa gauaren isiltasunean korrika. Gazte Festak izanda Zaldibian izugarrizko giroa dago eta berriro ere bihotzaren taupadak azkartu zaizkit. Behin adrenalinaren gorakada gaindituta, Gazteluko lepotik barrena iritsi gara Larraitzera. Bidean aurkitu dugun lokatzak aurtengo zailtasunaren zati haundi bat horixe izango dela iragarri digu.
Ibilbideko lehen anoa gunera iristean indarrak berritu eta Txindokiko magalera abiatu gara. Edizio honetan, bagenekien tontorrik ez genuela zapalduko, eta probak bere xarma galduko zuen beldur piskat bat banuela aitortu beharra dut. Baina Urbiako zalaietan luzatu dute ibilbidea eta bertatik Andraitzera igotzea gogorra egiten bada ere honek ere xarma berezia eman dio probari. Aldapan gora hasi bezain laster, harri eta lokatz artean tentu handiz ibili behar dela eta erabat murgildu naiz nire pentsamenduetan. Egia esan, erotuta nagoela usteko dute askok eta ez zaie arraozoirik falta, baina ibilbide osoan gehien disfrutau dudan momentua Aralar inguruan igarotakoa izan da, polita bezain gogorra, izugarrizko lokatza, hotza, euria eta lainoa ere oso presente izan ditugulako gau guztian zehar.
Konturatzerako Lareoko urtegia atzean utzi eta Lizarrustira iritsi gara eguna argitzearekin batera. Denbora gehiegi galdu gabe ekin diogu Etxegaraterako bideari. Oso luzeak egin zaizkit kilometro hauek, baina buruari gogor egin eta Etxegarateko anoa gunean hartutako dutxa beroarekin eta jandako makarroi platerkadarekin energiaz bete eta jarraitu dugu bidea. Otzaurten, bikotearen eta bi semeen muxu eta besarkada bana jasota, familia eta lagunen hitzekin indarrak berrituta prest gaude Aizkorrirantz abiatzeko. San Adrianen ere geldialdi txiki bat eginda, bertan ere animoak jasota, gurekin Mutiloara arteko bidea egingo duen laguna ere elkartu zaigu. Haize fresko moduko bat izan da eta asko eskertzekoa.
Uste baino hobeto eta gustorako igo ditut Aizkorri eta Andraitz, eta beherako bideari ere gogoz heldu diot. Zerainen eta mutiloan ere berriro animoak, oso beharrezkoak gainera ibilbideko garai honetan. Gertu sentitzen dugu helmuga, baina agian horregatik probaren momenturik gogorrena hastear da niretzat. Lierniatik barrena igaro ondoren, oso poliki igarotzen ari zaizkit Beasain arteko kilometroak. Behin kiroldegi aurrera iritsita, ordea, berriro ere sentimendu festa. Azken indar erreserbetatik tira egin eta korrika abiatu gara. Plazara hurbiltzean, nola ez, zain ditugu lagunak, familia eta nire bi semeak plazako bidea eskutik helduta amatxorekin egiteko. Irribarrea ahotan, zirrara, negargura, izugarrizko poza… plazako helmugan sartu naizeneko unean.
Milesker, beraz, bihotzez, emozio hauek guztiak bizitzeko aukera eman didazuen antolakuntzako kide eta boluntario taldeari. Zuei ere bejondeizuela egindako lanagatik!!! Kuadrillako lagunentzat ere esker hitzak, egunean bertan eta aurretik jasotako animoengatik. Eta, nola ez, familiari. Mendiaz gozatzeko laguntza behar izan dudan guztietan horretarako prest agertu direlako. Baina, batez ere, bi semeei eta bikoteari, bizitzako nire beste amets bat betetzeko ezinbestekoa izan delako beraien bultzada.