Irizar taldeak i2e autobus elektrikoa aurkeztu du
Or
maiztegiko enpresak, Irizar taldeko hainbat enpresekin elkarlanean, %100 elektrikoa den hiri-autobusa aurkeztu zuen ostiralean Donostian; autobusa hil honetan bertan Donostiako autobus zerbitzuan izango dute.
Donostiako Aquariumean aurkeztu zuten autobus elektrikoa Jose Manuel Orcasitas Irizarko zuzendari nagusiak eta Héctor Olabegogeaskoetxea proiektuaren arduradunak; eurekin izan zen, Dbus Donostiako Tranbia Konpainiako zuzendari gerente Gerardo Lertxundi ere. Munduko hainbat hiritan proba moduan era honetako autobusak erabili izan badira ere, konpainia donostiarra aintzindaria izango da inongo murrizterik gabe % 100 elektrikoa den hiri-autobusa garraio zerbitzuan jartzen.
Zero emisioko autobus hau etorkizunera begira planteatutako proiektua da. Irizar taldeak osoki teknologia propioarekin garatu duen lehen hiri-autobusa da hau, eta datozen urteetan ere, era honetako autobusak ekoiztu eta merkaturatzeko inbertsio handia egingo du enpresak. Hain zuzen ere, Irizar enpresak 60 milioi inbertituko ditu autobus elektrikoa garatzeko; inbertsio horren baitan, Gipuzkoan autobusak egiteko lantegi berri bat eraikiko du 2016rako.
Autobus elektriko honek 200 eta 250 km arteko autonomia du. Egunaren bukaeran, 5 orduko karga bakar bat eginda, 14 eta 16 ordu bitarteko iraupena bermatzen du, batez besteko 17 kilometro orduko abiaduran.
ZeEUS proiektua
Irizar enpresa Europako ZeEUS proiektuan murgilduta dago. Priektuaren helburua Europako hiri nagusietan zero emisioko autobus elektrikoak garraio sisteman ezartzea da.
Proiektu horretan lanean diharduten zazpi fabrikatzaileen artean, Irizar izan da, gainera, autobus prototipoak prest izaten lehena. Hala, autobusaren bi prototipo Bartzelonara eramango ditu, laster; bata hil honen bukaeran eta bestea irail amaieran.
