Bi kuadrilla berri egongo dira aurten Urretxuko jaietako karroza desfilean
Aurten bi kuadrilla izango dira lehenengoz parte hartuko dutenak Urretxuko jaietako karroza desfilean. Urtero bezala, udalak karroza egiteko ikastaroa antolatu du gazteentzat eta Mikel Ibarzabal eta Migel Zufiria arduratzen ari dira gazteak trebatzeaz. Ikastaroa astelehenean hasi zen eta azken bi saioak gaur eta bihar izango dira: 10:00etatik 13:00etara, Irimoko pabilioian.
Aurten bi kuadrilla izango dira lehenengoz parte hartuko dutenak Urretxuko jaietako karroza desfilean. Urtero bezala, udalak karroza egiteko ikastaroa antolatu du gazteentzat eta Mikel Ibarzabal eta Migel Zufiria arduratzen ari dira gazteak trebatzeaz.
Ikastaroa astelehenean hasi zen eta azken bi saioak gaur eta bihar izango dira: 10:00etatik 13:00etara, Irimoko pabilioian. Lau kuadrillak eman dute izena, baina atzoko saiora talde bakarra azaldu zen.
Asier Aperribai gazteak egin zituen 18 urteko gazteez osatutako lagun talde honen ordezkari lanak. «Bi kuadrilla elkartu gara Euskal Jaiko karroza desfilean parte hartzeko. 23 lagun gara guztira, eta oraindik ez diogu izenik jarri kuadrilla berriari».
Karrozaren gaia ere ez dute erabaki; lehenengo karrozak nola egiten diren ikasi nahi dute, ekitaldian parte hartzeak «ilusio handia» egiten baitie: «Gure artean hitz egin eta parte hartzea erabaki genuen. Izan ere, Euskal Jaia asko gustatzen zaigu eta barrutik bizi nahi dugu».
Karroza txukuna egiteko gai izango direla uste du. «Atzo (astelehenean) hasi genuen ikastaroa. Mikelek poliespanaren eta pinturaren erabilerari buruz hitz egin zigun. Ea zer egiten dugun! Karroza on bat egitea zaila izango da, baina arrunt bat egiteko gai izango garela uste dut».
Ibarzabalen eta Zufiriaren laguntzarekin, ziur lortuko dutela. Ibarzabal bergararrak mota guztietako panpinak egin ditu (tartean, Urretxuko buruhandiak) eta Zufiriak askotan parte hartu du karroza desfilean.
Horrez gain, lau urte daramatzate karroza ikastaroa ematen. «Mikelek goma-aparrarekin eta poliespanarekin lan egiten irakasten die eta nik, berriz, igeltsuzko eta egurrezko estrukturak egiten. Materialak nola erabili azaltzen diegu. Ikastaro sinplea da, denbora gutxi baitugu», esan zuen Zufiriak.
Urretxuko Euskal Jaiko karroza desfilea asko gustatzen zaigu eta barrutik bizi nahi dugu»
Asier Aperribai (Karrozari berria)
«Ez dakit nork jarri zuen modan panpinak egitea, baina atzerapausoa iruditzen zait»
Migel Zufiria (Irakaslea)
Ondoren, gazteei laguntzen saiatzen dira. «Ahal dugun guztietan etortzen gara, eta guztiak gainera etortzen zaizkigu aholku eske. Normala da. Izan ere, gehienek sekula ez dute halako lanik egin. Gu beldurra kentzen saiatzen gara, eta nahi duten hori egitera animatzen ditugu».
Zufiriak oso ondo daki zertan ari den, ia bizitza osoa baitarama karrozak egiten: hasieran Iraultza kuadrillarekin eta egun gazteei laguntzen. «Urteetan ikasitakoa irakasten saiatzen naiz».
Karroza desfilea oso berezia da berarentzat, noski. «Euskal izaera eta kultura aldarrikatzeko jaio zen eta eutsi egin behar zaio. Urretxuarrontzat oso ekitaldi berezia da eta, gainera, herria bizirik dagoela erakusteko balio du».
Gazteak ondo ikusten ditu. «Gure garaian bezala, denetik dago. Lehen urtean beldurrez etortzen dira karroza egitera, baina urteen poderioz karroza ausartagoak egiten dituzte. Esperientziak ematen du konfiantza».
Gazteek lan ona egiten dutela uste du, baina badago gustatzen ez zaion gauza bat. «Beti gauza bera esaten diet: ez dakit nork jarri zuen modan panpinak egitea, baina atzerapausoa iruditzen zait. Karroza gainean haragi-hezurrezko pertsonak joan behar dira. Pertsonek bizia ematen diote karrozari, pertsonekin antzerki bat egin baitaitezke eta horrekin asko irabazten da».
The post Bi kuadrilla berri egongo dira aurten Urretxuko jaietako karroza desfilean appeared first on Otamotz.