Bista Alaiko espedientea jarraituko du Beasaingo Udalak, baina, ez du salaketa penalik jarriko
Bista Alaiko auziaren inguruko informazio berria eman du Beasaingo Udalak. Udalak eskatu zuen txosten juridikoak bi motako balizko erantzukizunak nabarmentzen zituen: erantzukizun penalak (prebarikazioa eta ondasun publikoen erabilera bidegabea) batetik eta erantzukizun administratiboak bestetik, hau da, arduragabekeriagatik edota beste mota bateko jarduera okerragatik udalari eta ondasun publikoari kalte eragitea.
Udalak Gipuzkoako fiskaltzaren esku utzi zuen arlo penalaren ikerketa eta balizko salaketa. Orain, udalak jakin berri duenez, “fiskaltzak auziaren arlo penala artxibatzea erabaki du”. “Horretarako erabakigarria izan da garaiko Gobernuak zuen konfidantzazko arkitektoari deklarazioa hartzea eta honek orduan hartutako erabaki guztiak babestea. Nahiz eta arkitekto berberak, 2007an sinaturiko eta espedientean dagoen txosten tekniko bakarrean kontrakoa adierazten zuen”.
Honen aurrean, Beasaingo Udalak honako erabaki du: Arlo penala amaitu eta salaketarik ez jartzea, “inoren aurka tematzeko asmorik izan ez dugulako”, eta irekita dagoen zigor espedientearekin jarraituko du Udalak, falta diren 230.000 euroak berreskuratzeko helburua “muturreraino eramanez, hori baita Gobenu honi dagokion ardura”.