‘Madama Butterfly’ opera proiektatuko da Herri Antzokian
http://youtu.be/q-YYzUHxD3g Herrialdez herrialde arrakasta nabarmena izaten ari den Madama Butterfly opera proiektatuko da gaur iluntzean Ordiziako Herri Antzokian Zinema Alternatiboaren baitan. Giacomo Pucciniren obra Sydney Opera House konpainia australiarrak eraman du zinera eta ezagun egin da munduan zehar. Ordizian aspalditik ari ziren opera hori ekartzeko ahaleginetan; ikusleen artean harrera ona izaten badu, datorren urtean opera zuzenean emateko aukera zabalik geratuko da.
Maitasun erromantikoa oinarri duen istorioa jasotzen du Madama Butterfly operak. Madama Butterfly izenez ezaguna den Cio-Cio-San geisha Pinkerton EEBBko itsas armadako ofizialarekin ezkontzen da, baina handik gutxira bakarrik utziko du emaztea. Butterflyk semea hezi eta senarraren zain emango du denbora. Hiru urte geroago itzuliko da Pinkerton Japoniara beste emazte batekin, Kate, bere semea eramateko. Ofizialak ez du Butterflyrekin hitz egiteko adorerik izango, eta Katek azalduko dio ofizialaren asmoen berri. Geishak semea emango dio Pikertoni eskatzen diona bera bada. Azkenean, Butterflyk bere buruaz beste egingo du ofizialak ikusi baino lehen. Hiromi Omura soprano japoniar ezagunak betetzen du Madame Butterflyren papera eta James Egglestone gazte australiarrak Pinkertonena.
Emanaldia iluntzeko 20:30ean hasiko da Herri Antzokian; 2 ordu eta 35 minutuko iraupena izango du. Sarrerak, berriz, 10 euro balio ditu.












