Udako argazkirik onenaren bila
Uda sasoia eta opor giroa toki berriak ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aprobetxatzen dute askok. Bizipen horiek iruditan gordetzea ere ohikoa izaten da, eta argazki kamera aldean dutela joaten dira asko oporretara. Kanpora joan gabe, etxetik gertu dauden txokoak eta lekuak, egun pasak, anekdotak… ikusteko eta bizitzeko egunak ere izaten dira udakoak.
Hala, udak ematen dituen aukerak aprobetxatuz, Goierriko Hitza egunkariak, Beasaingo Fotoetxe argazki dendak eta Sasieta Mankomunitateak urteak daramatzate elkarlanean Udako Argazki Lehiaketa antolatzen. Aurtengoa, bederatzigarren aldia izango da.
Lehiaketaren helburua harpideak saritzea da, eta horretarako hiru sari emango dira aurten ere: epaimahaiak aukeratutako argazkirik onenari saria eta originalenari saria eta irakurleen saria. Lehen bi sarietan Fotoetxeko epaimahaiak erabakiko du irabazlea, eta irakurleen sariak zuek, harpideek, aukeratu ahalko dituzue. Sasietako ordezkariek aukeratuko dituzte beste bi saridunak.
Gaur hasi daiteke bidaltzen
Gaurtik irailaren 23ra arte bidali ahalko dira argazkiak goierri@hitza.info helbidera. Harpide bakoitzak argazki bat bidali ahalko du, eta argazkiarekin batera bere datuak eta harpide kodea zehaztu beharko dira (derrigorrezkoa izango da).
Argazkia bidaltzerakoan beharrezkoa izango da harpidearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpide kodea argi zehaztea. Datu horiekin batera argazkia non egina den azaldu beharko da mezuan bertan.
Hamar sari guztira
Orain arte egin den moduan, sari ugari egongo dira aurten ere argazki lehiaketan parte hartzen duzuenontzat. Fotoetxek bi sari emango ditu: argazki onenari saria batetik, eta argazki originalenari saria, bestetik. Argazki onenaren egileak 200×250 neurriko foto-murala jasoko du opari, eta argazki originalenaren egileak nahi duen argazkia kappa euskarrian inprimatu ahalko du, 60×120 neurrian.
Sasietak aldaketak egin ditu aurten bere oinarrietan, eta sari bakarra eman ordez, bi emango ditu. Lehen saria 200 eurorekin sarituko dute, eta bigarrena 100 eurorekin. Bi argazkiak Sasietak 2015erako aterako duen egutegian argitaratuko dituzte.
Aipatutako sariez gain, beste sei sari ere banatuko dira. Irakurleek aukeratutako sei argazki bozkatuenak izango dira saria jasoko dutenak. Argazki horiek zuek, harpideek, aukeratuko dituzue goierri.hitza.eus helbidean sartu eta argazki lehiaketako argazkien artean bozkatuta. Sei irabazleek nahi duten argazkia 25×38 tamainan inprimatu ahalko dute.
Zorroztu begirada eta harrapa ezazu irudi bitxi hori!!
Sariak
Epaimahaiaren sariak:- Argazkirik hoberenari saria: 200×250 neurriko foto-murala nahi den argazkiarekin egiteko.
- Argazkirik originalenari saria. 60×120 neurriko argazkia kappa euskarrian inprimatuta.
- Irakurleek argazkirik gustukoenak hautatzeko aukera izango dute goierri.hitza.info webgunean. Argazkiak webgunean eta paperean argitaratuko dira.
- Boto gehien jasotzen dituzten sei lehiakideek argazki bana 25×38 zentimetroko neurrian handitzeko aukera izango dute.
- Sasieta Mankomunitateak bi sari emango ditu aurten. Lehenak 200 euro eta bigarrenak 100 euro jasoko ditu, eta bi argazkiak 2015eko Sasietaren egutegian argitaratuko dira*. Baldintzak www.sasieta.net helbidean kontsulta daitezke.
- Oharra: Aurreko urteetan Sasietaren oinarrien arabera sarituak izan diren argazkilariek aurten ez dute saririk jasotzeko aukerarik izango.
Oinarriak
- Parte hartzaileak. Goierriko Hitzaren harpidedunentzat.
- Noiz bidali. Gaur hasita, irailaren 21era bitartean.
- Nora bidali. goierri@hitza.info helbiera (harpide datuak eta kodeak zehaztu behar dira: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpide kodea).
- Epaimahaia. Joxe Mari Telleria eta Lake Oiarbide argazkilariak (Fotoetxeren ordezkari gisa). Sasieta Mankomunitateko epaimahaia Julian Tokerok eta Iñaki Erauskinek osatuko dute.
- Ebazpena. Urriaren 15an jakinaraziko dira irabazleak (paperean eta webgunean).