
Aurten ere rogaine orientazio kirol proba egingo dute, Aralarreko parke naturalean. Abuztuaren 30ean izango da, egun osoan, eta atzo aurkeztu zuten Gipuzkoako II. Rogainea Ataungo udaletxean. Lizarrustin hasiko eta bukatuko da, eta hiru modalitate izango dira: sei ordukoa adituentzat, hirukoa inguruko jendearentzat eta hasiberrientzat, familian edo umeekin-eta egiteko moduko probatxoa, Lareo urtegi inguruan.
Orientazioan oinarritzen den lasterketa-jokoa edo kirol mota da rogainea. Okasiorako bereziki egindako mapa (1:20.000 eskalan) eta iparrorratza erabil ditzakete partaideek. Antolakuntzak aurrez jarritako ikurretara iritsi behar dute, balizekin seinalizatuak. Baliza bakoitzak puntu kopuru jakin bat du, eta puntu gehien batzen dituen taldea da rogainearen garailea.
Taldeka egiten da, bi pertsona gutxienez eta bost gehienez. Aralarreko 27 kilometro koadroko azaleran 50 baliza kokatuko ditu GOT Gipuzkoako Orientazio Taldea eta Bizibiziki antolatzaileek.
«Lehia eta aisia uztartzen ditu rogaineak. Mendian sei-bat orduan ibiltzeko aukera ematen du, eta Aralarreko txokoak ezagutzeko modua. Ohiko bideetatik aterako da partaidea. Lehendik ingurua ezagutzen dutenentzat ere bazter gehiago ikusteko baliagarria da», dio GOTeko arduradun Ibon Goikoetxeak.
Irungo Mendizale Taldeko orientazio sailean du sorburua rogaine proben antolakuntzak, Gipuzkoan, 2003an ekinda. Aralarreko iazko saioa eurek antolatu zuten. Bestetik, iaz bertan talde berria sortu zuten. «Ataunera gustura gatoz berriro ere», gaineratu du Goikoetxeak.
Iazko rogainean 140 partaide izan ziren, Euskal Herrikoak gehienak —Iparraldean eta Nafarroan sustraituta dago—. Baina baita Espainiakoak, Frantziakoak, Okzitaniakoak eta Kataluniakoak eta Galiziakoak ere.
Lizarrustiko parketxea izango dute oinarrizko kanpaleku. Abuztuaren 29an iritsiko dira parte-hartzaile asko, eta biharamunean jokatuko da rogainea, 10:00etan hasita.
Turismorako erakusleihoa
Zegama-Aizkorri eta Ehunmiliak korrika probekin egin bezala, Goitur turismo agentziak Aralarreko Rogainea ere babestu du. «Natura-turismoa da gure lan ildo nagusia, Aizkorri-Aratz eta Enirio-Aralar bi parke naturalekin. Arlo hori gastronomiarekin lotu dugu, gainera, GR-283 Gaztaren Ibilbidea txertatuz Idiazabal lurraldean. Mendizalea edo kirolaria da, bestetik, gehien fideliza daitekeen turista», dio Goiturreko zuzendari Niko Osinaldek.
Azken urteetako apustuarekin segiko du Goiturrek 2015ean ere. Urriaren hasieran aurkeztuko duten Basque highlands programan txertatuko du natura-turismoa. «Garapen ekonomikoaz ari gara hitz egiten, eskualdearentzat diru iturriaz. Sarrera ekonomikoa suposatzen dute horrelako kirol probek, eta eskualdearen promozioa kanpoaldean».
Osinaldek etekin ekonomikoa zenbakitan jarri du, rogainea eta mota horretako ekimenengatik Goierrira etortzen diren pertsonek uzten duten diruaz: «Inbertitutako euro bakoitzeko 100 euro edo gehiago sartzen da bueltan. Turistek uzten dutena da hori, eta turismo arloan kanpoaldean egiten den proiekzioa kontuan izan gabe».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere badu rogaineak. Atzo, Turismoko zuzendari nagusi Iker Ruiz de Egino Ataunen izan zen, eta aldundiak ere natura-turismoaren alde apustu egin duela gaineratu zuen. «Mendi lasterketek bisitari ugari erakartzen dituzte, Aste Santuaz eta udaz aparte gaualdiak urte osora zabalduz. Turista mendizaleak erakarrita, Gipuzkoako natura produktu turistikoak sustatzen dira, eta hedabide espezializatu ugaritan agertzen dira», dio Ruiz de Eginok.
Aldundiak atera duen natura-turismoa indartzeko dekretu berezia aipatu du, eta 2015ean mantenduko dela ziurtatu du, «Gipuzkoa natura erreferente bihurtuz turismo mailan».
Ataungo alkate Igor Aierbek ere goretsi egin du rogainea bigarren aldiz ere Aralarrera etorri izana. «Guretzat ohorea da, mundu mailako jendea etortzen den proba bat egiteko Ataun aukeratzea», esan du Aierbek. Natura eta kultura aldetik Ataunen eta Aralarren promozioa egiteko aukera «ezin hobea» dela iritzi dio alkateak, baita Euskal Herria nazioartean erakusteko ere.