Goierri: 25 urte baloi txikiari ostikoka
Duela 25 urte pasatxo, Goierri kirol elkartearen futbol saila desagertu egin zen, Elizalde zelaiak futbolean jokatzeko beharrezko baldintzak ez zituelako. Goierrikoek baloi handia baloi txikiarengandik aldatzea erabaki zuten: areto futbol saila sortu zuten. Ordutik, ehunka gazte pasa dira taldetik. Sailak 25 urte bete ditu eta udalak jaietako pregoia irakurtzeko ohorea eskaini die.
Duela 25 urte pasatxo, Goierri kirol elkartearen futbol saila desagertu egin zen, Elizalde zelaiak futbolean jokatzeko beharrezko baldintzak ez zituelako. Goierrikoek baloi handia baloi txikiarengandik aldatzea erabaki zuten: areto futbol saila sortu zuten. Ordutik, ehunka gazte pasa dira taldetik. Sailak 25 urte bete ditu eta udalak jaietako pregoia irakurtzeko ohorea eskaini die.
Areto sailaren sortzaileetako bat Juan Luis Ayuso izan zen. Handik urte batzuetara Javier Garcia de Andoin elkartu zitzaion: bere alabak sortu berria zen nesken taldean jokatzen zuen eta laguntzea erabaki zuen. Egun, elkarteko lehendakaria da.
Ayusok azaldu du nolatan erabaki zuten areto futbolean hastea. «Haur mailako talde bat genuen, baina Elizalde zelaia gaizki zegoen eta area botatzen ibili behar izaten ginen. Halako batean, Federazioak Elizalde ez zela egokia esan zuen. Garai batean Ederrenan eta Gernikako Arbola plazan kuadrillen arteko futbito txapelketak antolatu genituen eta kirol hori berreskuratzea erabaki genuen».
Jose Manuel Etxaniz, Carlos Adrados eta Ayuso izan ziren bultzatzaileak. Taldea sortzeko, Gernikako Arbolako txapelketetan parte hartu zuen jendearengana jo zuten. «Romero, Sastre eta enparauekin hasi ginen. Ez ginen oso onak, baina bai borrokalariak. Pixkanaka, teknika menderatu genuen».
Areto futbolaren aitzindariak izan ziren Gipuzkoan. «1991n Euskadiko Kopa antolatu zen lehenengoz eta irabazi egin genuen. Gainera, Estatu espainiarreko bigarren mailan jokatu genuen. Tenerifera, Santanderrera… joaten ginen jokatzera. Aldiri kiroldegian sekulako giroa sortzen zen».
Hori gutxi balitz, Errusiara joan ziren. «Zaragozako Sala 10 taldea ezin zen joan eta guri eskaini ziguten Espainia ordezkatzea. Baietz esan genien, baina hara heldu ginenean errusiarrei argi eta garbi utzi genien gu euskal ordezkariak ginela», gogoratzen du.
Ayusok urte haietan eduki zituzten babesleei eskerrak eman nahi dizkie. «Gure lehen babeslea Pinturas Urretxua izan zen. Oso babesle ona izan zen. Ondoren, Promociones Madayak babestu gintuen».
Urte hauetan guztietan taldetik pasa diren jokalariak ere ez ditu ahaztu nahi. Batzuek sekulako maila eman dute. «Montxik Ibarrako taldean eta Nafarroako Xotan ere jokatu zuen. Egun Goierrirekin jokatzen du, Hirugarren Mailan, eta mutikoak entrenatzen ditu».
Zazpi talde dituzte: senior mailako bi, gazte mailakoa, kadete mailako bi eta haur mailako beste bi. «Gazte mailakoak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen duela bi urte. Nesken talderik ez dugu eta berreskuratzea gustatuko litzaiguke. Garai batean, nesken taldea punta-puntan egon zen», oroitu du Garcia de Andoinek.
Areto futbolak une ona bizi duela uste du. «Gazteek areto futbolean jokatu nahi dute, baina entrenatzaileak behar dira. Boluntariotzak ez du une ona bizi eta entrenatzaileei diru pixka bat ematen diegu. Lehen gure poltsikotik jartzen genuen dirua. Hori bai, kirol honek toki asko ezagutzeko aukera eman digu», dio presidenteak.
Baloi txikia Vs. baloi handia
Baloi txikia aldarrikatu nahi dute. «Zaletasuna berreskuratzea lortu dugu. Gaztetxoentzako txapelketa eta 24 ordukoa antolatu ditugu eta sekulako arrakasta izan dute. Dena den, futbolak areto futbolak baino askoz ere arrakasta handiagoa du haurren artean. Nire ustez, areto futbola aproposagoa da teknika hartzeko, baloia domeinatzeko. Areto futbolean hasi beharko lirateke eta ondoren zelai handira pasa», azaldu du Ayusok.
The post Goierri: 25 urte baloi txikiari ostikoka appeared first on Otamotz.