
Igandean egingo dute Axari Trail mendi lasterketa Idiazabalen, Mikel Garmendia zenaren oroimenez. Iaz, egin zuten lehen edizioa, eta aurten, joan den urteko harrera onak emandako ilusioarekin antolatu dute bigarrenez. Lasterketa sortu berria izan arren, hasieratik garrantzia izaten ari da Axari Trail proba. Lehen edizioa Euskadiko koparako puntuagarria izan zen, eta 234 korrikalarik hartu zuten parte; aurten, berriz, Euskadiko txapelketa jokatuko da Idiazabalen, eta 313 lagun lehiatuko dira.
Lehiakideen artean mendi lasterketetako espezialista ezagunak izango dituzte: Leire Agirrezabala, Uxoa Irigoien, Elena Calvillo beasaindarra eta Maite Maiora iazko lehen emakumea. Gizonezkoetan, berriz, Aritz Egea urretxuarra, Oier Ariznabarreta, Hassan Ait Chaou eta Jokin Lizeaga. Ionut Zinca, iazko txapelduna ez da Idiazabalen izango. Lizeagak Zegama-Aizkorri probatik ez du inongo mendi-lasterketatan parte hartu osasun arazoengatik, horregatik, Jon Alustiza eta Aritz Ugarte Axari Trail lasterketako antolatzaileak «pozik» agertu dira Lizeagaren itzulerarekin: «Iaz oso gustura ibili zen, eta aurten, hona etortzera animatu izanak poz handia eragin digu».
25 kilometro
Iazko ibilbideari eutsi diote. Hala, 09:30ean abiatuta, lasterkariek 25 kilometro egingo dituzte, eta 1.550 metroko desnibelari egin beharko diote aurre. Ibilbidean sei anoa postu egongo dira. Kilometro horietan Arteittara iritsi bitarteko tartea «oso azkarra» izango dela adierazi dute antolatzaileek, eta Atxuko igoera «gogorra» ere gakoa izango dela nabarmendu dute: «Behin Atxu igota indartsu egoteak berebiziko garrantzia du, hortik aurrera egin behar baita korrika», azaldu du Ugartek. Alustizak, berriz, Etxegarateko jaitsieran «hautsiko» dela lasterketa gaineratu du.
Ikusleek ahalik eta gehien goza dezaten, Alustizak eta Ugartek lasterketa ikusteko Dorronsoro gain eta Atxurbi aldeko gain guzti hori leku ona direla azaldu dute. Halaber, Arteitta ere leku egokia dela aipatu dute, bi aldiz ikus baitaiteke lasterketa bertan.
Horren harira, ikusleei Atxurbi aldera igotzeko asmoa badute, oinez igotzeko eskatu nahi diete, izan ere, «autoz joateko bide txarra dago, eta gainera, antolakuntzakook gora eta behera ibiliko gara han». Gainera, plazatik abiatuta, ordubeteko bidea baino ez dagoela Ojarbira nabarmendu dute eta beraz, ez duela «merezi» autoa hartzea uste dute.
Lasterketa igandean izango bada ere, larunbatean, 17:00etatik 20:00etara hasiko dira dortsalak banatzen. Igandean bertan, lasterketa baino lehen ere banatuko dituzten arren, antolatzaileek ahal dutenei larunbatean bertaratzeko eskatzen diete, lasaiago ibiltze aldera.
Lasterketa ondorena
09:30ean abiatuta, lehen sailkatua bi orduren buruan helmugaratzea espero dute; nolanahi ere, korrikalariek 4 orduko tartea izango dute proba bukatzeko.
Sari banaketa 13:30ean egingo dute plazan. Lehen hiru sailkatuek, emakumezkoen zein gizonezkoen mailetan, 300, 200 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Era berean, lasterketa bukatzen duten guztiek bertako produktuekin osatutako poltsa bana jasoko dute.
Lasterketa amaituta, masaje zerbitzua izango dute lasterkariek, eta kiroldegian zein futbol zelaian dutxatu ahal izango dute.
Halaber, 14:30ean haragi gisatua eta postrea izango dituzte pilotalekuan, sagardoz lagunduta. Antolatzaileentzat, laguntzaileentzat eta korrikalarientzat doan izango da; gainontzekoek 2 euro ordaindu beharko dituzte.
Mikel Garmedia gogoan
Garmendia zendu zenetik zazpi urte igaro badira ere, bere oroitzapenak bizirik dirau. Lasterketa bere oroimenez sortu zuten, baina bi antolatzaileek argi dute bizi izan balitz, Garmendiak berak «bultzatuko» zuela.
Garmendiaren ametsa gauzatzea lortuta, datozen urteetan ere lasterketarekin jarraitzeko asmo tinkoa dute antolatzaileek: «Hasieratik jarraipena emateko asmoz sortu genuen, eta jendearen erantzuna ona den bitartean gu jarraitzeko prest gaude».