Lazkaomendirantz nolako pasabidea eraiki zehazteko parte-hartze prozesua astelehenean hasiko da
Lazkaoko Udalak herritarrekin parte-hartze prozesu bat hasiko du astelehenean. Herri gunetik Lazkaomendi eta hilerri aldera joateko errepidea gurutzatuko duen oinezkoen pasabidea nolakoa izango den erabaki nahi du, modu horretara. Bi aste iraungo du proiektu desberdinen erakusketak, iritzi emateak eta ekarpenak jasotzeko faseak.
Iaz, Iturgaitzagako bidegurutzea kendu eta haren ordez biribilgunea egin zenean ikusi zen oinezkoek Lazkaomendirantz pasatzeko pasabide baten beharra. Lehen, errepidea oinez gurutzatuta egiten zen soilki. Pertsonen joan-etorria errazteko azpiegitura bat sortu nahi du udalak, herritarren iritziak eta beharrak entzunda.
Bidegurutze horretan nolako pasabidea jar litekeen aukera batzuk landu dituzte dagoeneko udal teknikariek eta Hirigintza eta Parte-hartze batzordeek. Sei-bat proiekturen zirriborroak eginda daude, eta horiek erakutsiko dituzte prozesuan.
Planoak herrian barrena
Partaidetza faseak dirauen bitartean, Lazkaoko herri gunean barrena proiektuen planoak kokatuko ditu udalak, herritarrek ikus ditzaten eta ekarpenak egin diezazkien. Beste aukeraren bat planteatzeko ere gonbita egina dago, hurrengo bi asteetan aurkezteko.
Ekarpen horiek teknikariek aztertuko lituzkete, ondoren batzordeetan bideragarri diren ala ez eztabaidatzeko. Atal horrekin urri bukaerara arte ariko dira. Ondoren, azaroan herritarrei beste deialdi bat egingo die udalak, hamabost egunean, proposamen zehatzak ikusi eta gustukoena bozkatzeko. Abenduan jakinaraziko dute zeinek jaso duen boto gehien.
Hurrengo bi asteeetan, bost lekutan aurkeztuko dituzte proiektuak, saio bikoitzekin (aste banatan bat). Oinarrizko azalpenak emango dituzte udal ordezkariek, eta ekarpenak egiteko epea zabalduko dute.