Lazkaotarrek Esparruko bira igandean egingo dute
Lazkaon aspaldiko ohitura den moduan, igande honetan ospatuko da aurtengo Esparruko bira. Goizean, 09:00etan plazan elkartuta, oinez mendira igoko dira. Suziriak botako dituzte, irteera iragartzeko.
Behin Esparrun, eguerdian hasiko da ekitaldi nagusia. Ikurrinari omenaldia egingo diote. Txalapartariak, bertsolariak, dantzariak eta trikitilariak izango dira. Ondoren, haurrentzat eta helduentzat jokoak ere izango dira.
Herri bazkaria Esparruko gainaren magalean egingo dute, pagadiaren itzalpean, 14:30ean. Bazkalondoa musikariek eta bertsolariek alaituko dute.
Eguraldiak euritara jotzen badu igandean, jolasak eta bazkaria Lazkaoko plazako frontoian egingo dira. Iaz, hain zuzen, euria egin zuen, eta behean jarraitu zuen festak, Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi bertsolariekin.
Festa giroa bihar arratsaldean
Esparruko erromeriaren bezperan, bihar, gogoratuko dute Lazkaoko herri gunean egun berezia. 19:00etan buruhandiak aterako dira plazara, eta Antzar Gazteak txistulariek kalejira egingo dute.
Amalur mendizale elkarteak ere Esparrura egingo du irteera, igandeko jaiarekin bat eginez.