Trenak 150 urte
«Zegaman trena lehenengo aldiz pasa zenean, jende asko bildu omen zen Txarakorta inguruan; trena nolakoa zen ikusi nahi, nonbait, denek. Iturburuko aitona trena ikustean ondoeza egin eta lurrera erori omen zen, trena ezin zitekeela parte onekoa izan eta. Etxera gurdian eraman omen zuten gizarajoa». Xabier Azurmendi ikertzaileak jasotako gertakari horrek ondo laburbil dezake zer kolpe eragin zuen trenaren etorrerak ordura arte erabat nekazaria zen Goierrira. Duela 150 urte izan zen mugarri hori. Norteko Trenbidea oso-osorik, Madrildik Parisera korritu zuen lehenengo trena 1864ko abuztuaren 15ean pasatu zen, egun hartan inauguratu baitzuten trenbidea, 1858an hasia.
Eraikuntza ez zen lan samurra izan, eta Madril-Paris bitarte guztian azkena bukatzen Altsasu eta Beasain arteko zatia izan zen. Aizkorriko pasabidea irekitzea (garai hartan «Pirinioak»deitzen zioten) lantsua suertatu zen. 184 metroko altuera-aldea berdindu behar zen, batetik, gehienez %1,6ko pendizarekin. Bestetik, 23 tunel eta 19 zubi eraiki behar ziren.
Oazurtzako tunela, adibidez, hiru kilometro zuzen-zuzen dira. 160.000 metro kubo harkaitz atera zuten, hamabi potzu bertikaletatik gorantz (sakonenak 239 metro du). Materialak eta hondakinak mugitzeko 30 zaldi potentziako indarra zuten bost makina erabili zituzten.
Bigarren harribitxia Ormaiztegiko zubia zen, 34 metroko garaieran. 1,8 milioi kilo burdin erabili zuten.
Altsasu-Beasain zatiaren zuzendari proiektugileak eurak izan ziren: Desorgeries eta Letourneur ingeniariak. Trena urtebete lehenago iritsi zen Goierrira, hala ere. Donostia-Beasain zatia 1963ko irailaren 1ean ireki zuten. Trenaren iritsierak eraldaketa nabarmena ekarri zuen Goierrira: industria pizteko motore izan zen batetik, eta Zumarraga garraiobide gune garrantzitsu bihurtu zen.
Madril-Irun zatiaren aurrekontua 153,4 milioi pezetakoa izan zen, baina azkenean 346,6 milioira igo zen. Lehen lau urteetan obrak mantso joan ziren, kontratista asko zeudelako; ezin burutu hala, eta Ernest Gouin et Cie konpainiari eman zioten lana, eta 1863rako bi zati bukatzea lortu zuen.
Inaugurazioko trena
Madril eta Paris lotuko zituen trenbidea solemnitate osoz inauguratu zuten. Espainiako erregetzako Francisco Asis Borboikoa zihoan trenean, Isabel II.a erreginaren senarra. Ormaiztegiko zubian gelditu egin zen trena, halako eraikin puska hobeto behatzeko.
Donostian egin zuten ekitaldi nagusia. Trenean kazetari gisa zihoan Gustavo Adolfo Becquer poeta andaluziarrak idatzi zuenez, ibilbide osoan jendea trena ikustera irten zen. «Herrixketako bizilagunak bide ertzera irten dira, agurtzera. Herri handien sarreran garaipen arkuak ikusten dira; baserrietako leiho eta barandetatik, ezer hoberik ez, eta oheko estalkiak zintzilikatu dituzte», idatzi zuen, tonu nahiko lirikoan.
Trenak 17 ordu igaro zituen Madrildik Donostiara, estreinako bidaian. Aurrez, pasaera-ordutegia fin zabaldu zuten, propagandarako. Olatzagutian abuztuaren 15eko 08:20an izango zen; Zumarragan 09:45ean, Beasainen 10:20an, Tolosan 11:05ean eta Donostian 11:40an, ekitaldirako.
Ospakizunak Goierrin
Trenaren etorreraren 150 urteak gogoratzeko, Beasainen Mutur Beltz egitasmoa abiarazi dute. Irailaren 26an eta 27an izango da egitaraua. Bertso desafioa, erromeria eta Beasaindik Altsasura joan-etorriko tren bidaia berezia egingo dituzte.
Ormaiztegin ere bereziki gogoratuko dute herriaren izenari horrenbesteko sona eman dion azpiegitura. Tren zubiari buruz argazki lehiaketa abian da, baina ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa badute, asteburu honetarako egitarauarekin.
Norteko Trenbidearen eraikuntza
- 1841. Espainiako Gobernuak aduanak Ebrotik Bidasoara pasatu, eta barne merkatua aldatu zuen. Garraiobide atzeratuak berritzen hasi ziren.
- 1856. Norteko Trenbidearen proiektua idatzi zuten.
- 1858. Trenbidea eraikitzen hasi ziren, lanak Tolosan ekainaren 22an punpa handiz inauguratuta.
- 1863-9-1. Beasain-Donostia arteko zatia ireki zuten.
- 1863-10-22. Donostia-Bidasoa zatia ireki zuten.
- 1864-8-15. Olatzagutia-Beasain zatia inauguratu zuten.
- 1864-8-20. Altsasu eta Beasain artean trenak zerbitzua ematen hasi ziren. Obrek, hala ere, beste lauzpabost urtean segi zuten.
- 1873. Santa Kruz apaizaren gerrillari taldeak su eman zion Beasaingo geltokiari. Ferrokarrila foruak uxatzeko atea zela zioten.
- 1889. Ormaiztegin geltokia eraikitzen hasi ziren.
- 1899-7-12. Argikuntza elektrikoa zeukan estatuko lehen trena pasatu zen, ‘espres’ bat.
- 1909-9-9. Bigarren karrila kokatu zuten Altsasu-Beasain zatian. Beasaindik gora bide berrian pasatu zen lehenengoa tren militar bat izan zen,ingeniariekin. Beheranzko lehena, berriz, arratsaldeko ‘korreoa’.
- 1911-7-26. Beasain-Irun zatian bigarren karrila ireki zuten.
- 1929-7-7. Argindarra jarri zuten Altsasu-Irun arteko trenbidean, tren elektrikoentzat. Katenariak 1.500 volteko indarra zuen. «Ke gabeko» lehen trena San Tomas egunean (abenduak 21) pasa zen.