Atletismoa Ordiziako plazara eraman dute, jendeak ikus dezan
Jendea estadiora joaten ez bada, atletismoa jendearengana eraman. Horixe egin dute gaur, hirugarren urtez, Ordiziako Txindoki-Jaso Atletismo Taldeak eta Gipuzkoako Atletismo Federazioak. Ordiziako III. Atletismo Erakustaldiak jende askoren begirada erakarri du, Plaza Nagusiko estalpea eta Kale Nagusia belodromo txiki bat izan baitira arratsaldean.
Gipuzkoako goi mailako kirolariak izan dira, baita nazioartekoak ere. Batetik, pisu jaurtiketan Carlos Tobalina espainiarra gonbidatu dute, Espainiako txapeldunordea eta aurten Zurichen (Suitza) jokatu den Europako Txapelketan 8. sailkatua. 17,01 metrora jaurti du bola.
Gari Garmendia idiazabaldarrak ere bere ahala erakutsi du. 14,42 metroko marka lortu du, onena. Jaurtitzaile bakoitzak sei saiakera izan ditu. Iñaki Romero, Leire Garmendia, Ane Torres, Imanol Mendizabal… pisu jaurtiketako etorkizuneko atletek ere parte hartu dute.
Bestetik, gorako jauzia ere erakutsi dute. Goierritar balore gazteak bikain saiatu dira. Nora Tobar ataundarrak 1,60 metroko jauzia egin du, onena. Bere marka pertsonala 1,65 metro da. Iker Arizmendi ordiziarrak 1,65eko marka egin du gaur. Seniorren artean, Julen Iruretagoiena, Pablo Cid, Igor Legarda, Asier San Sebastian edota Mikel Matey aritu dira. Ikusgarriak izan dira Legardak eta San Sebastianek batera egin dituzten jauzi bikoitzak (1,70 m), edo Matey-Legardarena (1,75).
Eguneko beste izar bat Naroa Agirre pertika jauzilaria izan da. Kale Nagusian kokatu dute jauzi-eremua, koltxoia udaletxe parean zela.