Beasain futbolaren festagune da asteburu osoan
Beasain Football Fest jaialdia atzo hasi zen, Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Asteburu osoko egitaraua prestatu du Beasain Kirol Elkarteak. Joko-eremu murriztuan, futbol partidak jokatuko dira gaur egun osoan, 09:30etik 20:30era. Inguruan, festa-osagaiak ere jarriko dituzte: jatetxea eta taberna, pintxo banaketa, sagardoa ziritik, musika, saskikada opariren zozketa… Jardunaldia bukatzeko, 20:30ean, Beasain futbol taldean ibilitako futbolari ohiek hiruko partidak jokatuko dituzte. 21:30ean afaria izango da, plazan bertan, musikak girotuta.
Bihar, igandea, futbol festaren azken partidak jokatuko dira. 09:00etan hasiko da lehiaketa, eta 14:30a arte kanporaketak egingo dituzte. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, finalak hasiko dira. Eguerdian, paella bazkaltzeko aukera izango da (14:30), eta bertsolariak ariko dira. Jokalari guztientzako opariak banatuko dituzte.
Beasain elkartearen izenpean 2014-15 denboraldian lehiatuko diren taldeak atzo iluntzean aurkeztu zituzten. Behean, atzoko lehen jardunaldiaren hasiera (Argazkiak: Loinaz Agirre).