Goi mailako kirol larunbat arratsaldea dute Zegaman eta Beasaingo Igartzan
Asteburuan hainbat kirol proba jokatuko dira Goierrin. Horietatik bi, Euskal Herri mailako lehiaketak dira. Zegaman, Euskadiko Mendi Bizikleta Irekia gaur bukatuko da, azkeneko lasterketarekin. 16:00etan abiatu dira txirrindulariak. 76 txirrindulari elkartu dira irteera-marran, eta aurrez beste lau haurrek ere lasterketatxo bat izan dute.
Irekiko azkeneko proba denez, gaur erabakiko da Euskadiko mendi bizikleta txapelduna. Elite, master 30 eta 23 urtepekoek 30,8 kilometro egin beharko dituzte Zegamako mendietan barrena (7,7ko ibilbide bati lau itzuli). Horien ondoren irten dira, beste multzo batean, gazteak, emakumezkoak eta master 40 mailakoak, 23,1 kilometro egiteko (hiru itzuli).
Bestetik, Beasaingo Igartza auzoan IV. Mendi Duatloia ari dira jokatzen, 16:00etan hasita. Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuiturako baliagarria da proba. 86 atleta irten dira. Lehenik korrika saio egin dute; ondoren, mendiko txirrinduan hartu eta zirkuitu horri berari bi itzuli; eta, azkenik, atzera korrikaldia herri gunean barrena.
Partaideen artean da Julen Larruzea, Zirkuituko liderra. Jon Korta, Aitor Perez Arrieta zegamarra, Lier Etxeberria eta Endika Gartzia arrasatearra jo dituzte antolatzaileek irabazteko faborito. Nesken atalerako, lau emakume besterik ez dira irten. Xaloa Olite gasteiztarra eta Laura Perez tartean dira. Bizikleten box-a Loinazpe ikastetxeko jolastokian kokatu dute.