Ormaiztegiko trenzubiaren 150 urteak, airean
Aurten bete dira 150 urte Norteko Trenbidean Ormaiztegiko trenzubia eraiki zutenetik (1864-2014). Urteurren hori gogoratzeko, Udalak eta Zumalakarregi Museoak ekitaldiak antolatu dituzte asteburu honetarako. Gaur goizean tirolina jarri dute, zubi zaharraren azpian. Ormaiztegiar ugari dabiltza, 50 bat metro luzeko kablean behera botatzen, kiroldegiaren atzealdean. Bizibiziki natura-aisialdi zerbitzuen enpresak muntatu du.
Ormaiztegiko trenzubiak datorren astean beteko du beste urteurren seinalatu bat. 1936ko gerran, Bergarako Labe Garaietako Union Cerrajerako sopletista talde batek moztu egin zuen zubia —justu gaur tirolina muntatu duten parean—. Irailaren 15ean eta 16an bota zuten zubi zatia, tropa frankisten aurrerabidea zailtzeko. Frankistak irailaren 17an sartu ziren Ormaiztegin, eta sopletista batzuk harrapatu eta fusilatu egin zituzten. Astelehenean beteko dira 78 urte gerra-ekintza hartatik.