
Juanber Alustizak (Legazpi, 1961) beti izan du filosofia eta antzeko gaiekiko interesa. Ekei liburu-dendan lan egiten zuen eta, itxi zuenean, coaching ikastaro bat egitea erabaki zuen. Bere asmoa jarduera hau bere lanbide bilakatzea da. Datorren astean coaching-a zer den azalduko du kultur etxean. Asteartean, 19:00etan, euskaraz eta ostegunean, ordu berean, gazteleraz.
Nolatan coach?
Irakasle-ikasketak egin nituen eta ikastetxeetan ordezkapenak egin nituen. Euskaltegian ere eskolak eman nituen. Ondoren, Ekei liburu-denda ireki genuen. Duela urtebete itxi genuen. Jokoz kanpo nengoen eta Interneten nire gustuko gaiak bilatzen hasi nintzen. Urtebete lehenago, Ilinti merkatari elkartearen bidez, coaching ikastaro bat egin genuen. Interneten coach izateko ikastaroak zeudela ikusi nuen eta bat egitea erabaki nuen. Oraindik ez dut bukatu, baina praktikak egiten hasteko esan didate. Hori dela eta, Legazpin hitzaldiak eman behar ditut.
Zer da coaching-a?
Beti gustatu zaizkit filosofiarekin lotutako gauzak. Pertsona barrutik aztertzea, alegia. Coaching-aren xedea pertsonei euren helburuak lortzen laguntzea da. Pertsona batek amets bat badu eta betetzea lortu ez badu, coaching-ak betetzen laguntzen dio.
Helburua bilatzen ere laguntzen al du? Jende askok ez daki zein den bere ametsa edo bere bizitzaren funtsa.
Bai. Egungo egoeraren eta helburuaren arteko tartea txikitzen laguntzeaz gain, helburua bilatzen ere laguntzen du.
Coaching-a gauza berria da gure artean. Zer alde dago coaching-ak eta gurasoek, hezitzaileek edo psikologoek egiten duten lanaren artean?
Gainontzekoek orain arte zer gertatu den aztertzen dute. Coaching-ak oraina eta etorkizuna bakarrik begiratzen ditu. Coach bati bost axola zaio orain arte gertatu dena. Pasa dena, pasa da. Coach batek etorkizunarekin lan egiten du. Bestalde, terapeutek eta psikologoek ondorioak ateratzen dituzte eta zer egin esaten dute. Coach-ak ez du ondoriorik ateratzen eta ez du esaten zer egin. Norbera konturatzen da zer nahi duen eta norberak erabakitzen du zer pauso eman. Coach-a bere solaskidearen arrakastaren konspiratzaile bat da.
Nola lortzen duzue hori?
Galdera efektiboen sistema erabiltzen dugu. Galderen bidez, bidea zabaltzen diogu jendeari. Bestalde, coaching-a ez da zientzia, baina zientzian oinarritzen da. PNL-n oinarritzen da. Honek, gure esperientzia guztiak garunean grabatzen direla dio: %95a inkontzientean eta %5a kontzientean. Inkontzientean dugun hori kontzientera pasatzen badugu, askoz ere aukera gehiago izango dugu egoera zehatz bati aurre egiteko behar ditugun tresnak aurkitzeko. Adimen emozionala ere lantzen dugu. Horrek emozioak kontrolatzen laguntzen du. Bestalde, gauzak zenbat eta errazago egin, hobe. Psikologia positiboa ere lantzen dugu.
Horren gaizki bizi al da egun jendea? Garai batean inongo laguntzarik gabe egiten zuten aurrera.
Gure aitona-amonen garaiak ez du zerikusirik gurearekin. Terapeuta batzuk pertsona batzuek eurengan inolako diagnostikorik gabe jotzen zutela konturatu ziren. Ez zeuden euren bizitzarekin gustura eta kito. Ez zeuden motibatuta. Zertarako nago hemen? Zer egin dezaket? galdetzen zioten euren buruari. Jende askok lana eta familia du eta herriko egitasmoetan parte hartzen du, baina ez dago gustura. Gizarteak eurengandik espero duen guztia egin dute, baina ez daude gustura. Zer edo zer falta zaie. Ez dakite nora jo. Hil aurretik benetan asebeteko dituen zerbait egin nahi dute. Geroz eta gehiago ari da gertatzen.
Garai batean ez al zen halakorik gertatzen?
Oinarrizko beharrak ase ditugunean azaldu da arazo hau. Bizitza bideratuta dugu, baina gizarte arloan, ez arlo pertsonalean. Eguneroko bizitzan aberastuko gaituen zer edo zer behar dugu.
Nolakoak izango dira datorren astean Legazpin emango dituzun hitzaldiak?
Coaching-a zer den eta nola sortu zen azalduko dut. Ondoren, helburu motez eta helburuak lortzeko zailtasunez hitz egingo dut.
Zer esango zenioke jendeari hitzaldira joan dadin?
Hitzaldian beste bizimodu bat posible dela ikusiko dute. Ez dio coaching-ak, zientziak dio. Pentsatzen dugunaren arabera, zoriontsuagoak izango gara. Eta coaching-ak bizitzaren ikuspegi zabalagoa eskaintzen digu.
Zure helburua coach profesionala izatea al da?
Bai. Nik deskubritu dudana jendeari azaldu nahi diot. Jendeari lagunduz, neure buruarekin gustura geldituko naiz. Coaching-a ezagutu dudanetik, neure buruarekin gusturago nago.