Maila goreneko konposta lortu dute Araba kaleko konposgunean, Ordizian
Iazko apirilean Ordizian martxan jarri zuten lehen auzokoposgunea izan zen Araba kalekoa, eta harrezkero, 14 familia aritu dira bertara etxean sortutako hondakin organikoa bota eta lantzen. Joan zen ostiral arratsaldean auzokonposgunean konposta ateratzeko ekitaldia egin zuten. Maila goreneko konposta lortu dute bertan. Konpost hori bost kiloko poltsetan sartu eta nahi duen bizilagunak eska dezakete.
Iban Asenjo Zerbitzu, Garapen Iraunkor eta Mugikortasun zinegotziak, Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak, Leire Garmendia Ingurumen teknikariak, udal lorezainek eta konposta egiten aritu diren hainbat herritar elkartu ziren ekitaldian. Asenjok egindako lana eskertu zien familiei, sortutako hondakin organikoa bilketa sistematik atera eta horren kudeataz arduratzeaz gain, herriari auzokonposta ondo eta txukun egitea posible dela erakusteagatik.
Enrike Enparantzak nabarmendu zuen lortutako auzokonpostaren kalitatea; eta lorontzietan zein baratzeetan ongarri modura erabil daitekeela aurreratu zuen. Lorontzietan, esate baterako, %80 lurra eta konpostak %20 izan behar du. Baratzeetan, berriz, metro koadroko kilo bat konpost erabiltzea gomendatzen da. Urriaren 6rako hartzen ez diren konpost poltsak Ordiziako Udalaren esku geldituko dira.
Datozen asteetan beste auzokonposgune batzuetako konposta ere aterako da, Oreja parkekoa eta Anselmoren baratzekoa.