Amuarrainak harrapatuz eman diote irekiera arrantza intentsiboko eremuari, Lazkaon
Lazkaoko Iribe Txiki eta Senpere arteko eremua arrantza intentsiboko barruti izendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur eman diote irekiera barrutiari, eta neguan, ohiko arrantza sasoitik kanpo, heriotzarik gabeko arrantza kirola egin ahalko da.
Irekiera modura, binakako lehiaketa antolatu du Lazkaoko Arrantza taldeak gaurko. 20 bikote ari dira lehiaketan parte hartzen, goizean goiz hasita. Ordu eta erdiko txandak egiten ari dira, eremuko tarte ezberdinetan amuarrainak arrantzatuz. Behin harrapatuta, neurtu egiten dituzte, eta atzera ere uretara botatzen dituzte.
Arratsaldeko bostak aldera amaituko da lehiaketa. Bikote irabazlea erabakitzeko, harrapatutako amuarrainen kopurua eta haien luzera hartuko dituzte kontuan epaileek.