Elkartasun Eguna ospatzen ari dira Zaldibian
Aurreko asteburuan Santa Fe Jaiak ospatu zituzten Zaldibian. Gaur, berriz, azken urteetako ohiturari jarraituz, Elkartasun Eguna. Txistularien kalejirak eman dio hasiera egunari, 11:30ean.
Eguerdian, berriz, herri kirolak izan dira. Zaldibiako gazteek osatutako bi talde lehiatu dira: zaharrenak Gure esku dago egitasmoaren kamiseta urdinarekin, eta gaztetxoenak Libre kamiseta laranjarekin.
Gogoz aritu dira bi taldeetako kideak harri jasotzen, txingatan, koskolak biltzen, ingudean eta giza proban. Azkenean, ordea, helduenen taldeak irabazi du. Hori bai, alde gutxirekin. Herri kiroletan bildutako dirua presoen senideei emango diete, presoen bisiten bidaietako gastuei aurre egiteko.
Elkarretaratzea ere egin dute, 28 gazte auzipetuen egoera gogorarazteko. Iluntzeko 20:00etako manifestazioan, berriz, dispertsioari ezetz esango diete.
Kontzertuak. Gaueko kontzertuekin amaituko da aurtengo Elkartasun Eguna. 23:00etatik aurrera, Gabezi eta Katez taldeen musika emanaldiak izango dira.