Errondailen topaketa egin dute Legazpin, Alaitasunaren 50. urteurrena ospatzeko
Legazpiko Alaitasuna errondailaren 50. urteurrenaren harira, Euskal Herriko lau errondaila taldek topaketa egin dute gaur: Lizarrako Guilaudban, Altsasuko Trasteando, Ordiziako Laguntasuna eta Alaitasuna.
Taldeak 10:30ean heldu dira Legazpira. Iritsi bezain pronto, hamaiketakoa egin dute eta herriko auzoetan jo dute. Lizarrakoek Bikuñan jo dute, Altsasukoek erdigunean, Ordiziakoek Egialden eta Legazpikoek San Inazion.
13:00etan, berriz, talde guztiek erdigunean bat egin dute, elkarrekin jotzeko. Udaletxeko balkoira igo da zuzendaria, eta Txoriak txori abestia kantatu dute lau taldeek batera. Zuzendaria behera jaitsi da ondoren, eta beste hainbat abesti jo dituzte. Legazpiar ugari joan dira udaletxe aurrera, ikuskizunaz gozatzera.
Arratsaldean, 18:30ean, errondailek bi ordu inguruko kontzertua emango dute Latxartegi aretoan.
Urteurreneko azken ospakizunak, berriz, azaroan izango dira. Bi CD eta taldearen historia jasotzen duen liburua aurkeztuko dituzte. Gainera, azaroaren 29an taldetik pasa diren guztiek bazkaria egingo dute. Legazpiarrek egun horretan ospatuko dute Santa Zezilia eta Alaitasunakoek herriko beste talde batzuekin kontzertua emango dute, arratsaldean.