Langileen senitartekoz bete da gaur Ampo, ate irekien egunean
Lantegiaren 50. urteurrena langileen familiekin ospatzeko helburuarekin egin du ate irekien eguna Ampok. Ane Bergaretxe komunikazio arduradunaren esanetan, urteurrena aitzakiatzat hartuta, familiakoek lantegia ezagutzea eta egun batez entretenitzea da helburua.
Langileen senitertekoek lantegia barrutik ikusteko aukera izan dute goizean zehar, galdategietara eta beste lan eremu batzuetara egin dituzten bisita gidatuetan.
Ekitaldi nagusia, dena den, 14:00etan izan da. Ampoko urteurreneko bideoklipa aurkeztu dute bertan. Langileen artean idatzi eta grabatu dute abestia. Bideoan berriz, lantegiaren sortzaileak, langileen seme alabak eta abar ageri dira, eta Ampon bertan dago grabatuta.
Arratsaldean, berriz, disko jaia izango da Ohian Vegarekin, eta Potxin eta Patxin pailazoek ere emanaldia eskainiko dute. Txikienek ez dute aspertzeko aukerarik izango, hortaz. Txiki eta gazte txokoak ere badaude, gainera, puzgarri, ginkana, ludoteka eta abarrekin hornituak.