Beasaingo Udalak Barrendain eta Nafarroa etorbideko obrak lehiaketara atera ditu berriro
Uztaileko udalbatzan gastuak eta kreditu aldaketak egiteko proposamena onartu zen. Aldaketa honen barruan sartzen ziren Usurbe antzokiko sonorizazioa, Nafarroa etorbideko eta Barrendaingo zoruaren zolaketa lanak eta bidegorriaren ardatz nagusia amaitzea. Nafarroa etorbidean, Gernika pasealekuaren parean, oinezko bihurtzeko urratsa egingo dute eta orain autoak pasatzen diren zatia espaloiaren altueraren parean jarriko dute, Kale Nagusian bezala. Bertako bizilagunek eta karga-deskargako ibilgailuek bakarrik izango dute bertatik pasatzeko aukera. Barrendain plazan ere, biribilgunea altxatu egingo dute, espaloiaren altuera berdinean utzi arte. Saneatu eta asfalto inprimatua botako dute. Gainera, geltoki aurreko espaloia zabaldu egingo dute, autobus geltokiari baldintza duinak bermatu asmoz.
Obra hauen lanak udan hastekoak baziren ere, obra hauen lehiaketara aurkeztu ziren bi proiektuek ez dute lanik egiterik izango: Batek akats administratiboak zituen eta besteak ez zuen gutxieneko berme teknikoa eskaintzen. Hori dela eta, berriro ere lehiaketa atera da, eta negua iritsi baino lehen obra bukatuta egotea nahi dutelako, urgentziaz atera da. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) atera zen pasa den asteko asteartean eta proposamen berriak aurkezteko bi asteko epea dago.
Pasa den astean Nafarroa Etorbidean garajeak dituztenek, bertan sartzeko baimena eskatu behar izan zuten, obra hauek egindakoan ere sartu ahal izateko. Bada, orain, garajerik ez duten bizilagunei udalak jakinarazi die kale honetan sartzeko Udaltzaingoaren bulegotik pasa beharko dutela, ostirala baino lehen (egun hau ere barne), 14:30etik 20:30era. Bertan, ibilgailuaren zirkulazio baimena eta telefono zenbaki bat eman beharko dituzte. Baimena eskuratzeko, oineztatze gunean erroldatuta egon beharko dute. Nafarroa etorbidean eguneko 24 orduetan sartzeko aukera izango dute baimen hau dutenek, baina, egunean behin bakarrik eta gehienez 20 minutuz sartu ahal izango dira. Ibilgailua aparkatzeko garaian, karga eta deskargarako guneak erabili beharko dituzte, eta espaloian geratzea edo aparkatzea debekatuta egongo da.