Goierriko garraioa hobetzeko proiektua aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goierriko garraioa hobetzeko egin duen proiektua ezagutarazi zuen atzo Beasaingo udaletxean. Lau fasez osatutako urtebeteko prozesua izan da egin dutena. Parte hartzeko hiru une egon dira: ekarpenak jasotzea, aurreproiektuaren azterketa eta berriro ekarpenak egiteko aukera.
Prozesu honen lehen zatian Goierriko herrietan 3.305 lagunek parte hartu zuten bide ezberdinen bitartez (herrietan egin ziren bileretara joanez, udal ordezkariekin eta udaltzainekin bilerak eginez, eskoletan, postontzietan, webgunean edota ohiko postaz ekarpenak eginez). Hirugarren fasean, berriz, 1.827 izan ziren parte hartu zutenak. Larraitz Ugarteren esanetan “Gipuzkoan inoiz egin den partehartze prozesurik handiena” izan da, eta Goierrin ere “jende askok” parte hartu du. Atzo, prozesuaren azken fasean, proiektua ezagutarazi zuten.
Besteak beste, honako hobekuntzak ekarriko ditu proiektuak:
- Linea berriak. Orain artean ez zeuden linea berriak jarriko dira, herri txikienetara iritsiz eta egun daudenen ibilbideak egokituz.
- Maiztasuna. Egun dauden lineak maiztasun handiagoz pasako dira.
- Informazioa. Autobus zerbitzuen informazioa hobetuko da.
- Konektatuta. Autobusak elkarren artean konektatuta egongo dira, bai trenarekin, eta baita lineak elkarren artean ere.
- Larunbat gauetako eta jaietako zerbitzua. Aurrez zegoen larunbat gauetako zerbitzua luzatuko da eta maizago izango da eta herrietako jaiak direnean autobus zerbitzu bereziak jarriko dira.
- Txartelak. Mugi txartela egiteko lekuak ezagutaraziko dituzte.
- Geltokiak. Geltokien egoera hobetzen joango dira gutxika. Kontuan hartuko dituzte irisgarritasuna eta baita behar bereziak ere.
- Eskoletara. Eskolara eta institutura doazen haurren autobusak ere lotuago egongo dira.