Cava Festa egingo dute Zegaman ostiralean eta larunbatean
Lehenengo aldiz egingo dute Cava Festa Zegaman, eta San Sadurniko zortzi cava probatzeko aukera izango da. Senidetuta daude Zegama eta Kataluiniako San Sadurni herria, eta harreman horretatik etorri da Cava Festa egiteko ideia. Ostiralean eta larunbatean izango da, 19:00etatik 01:00etara, frontoian.
Cava dastatzeko, aurrez kristalezko kopa erosi beharko da, bi euroan. Gero, kopetan banatuko dute cava: gama altuenekoak 3 euroan eta baxuenekoak 2 euroan. Dena den, antolatzaileen hitzetan zortzi cavak kalitate altukoak dira. Honakoak dira: Sadurní Olíver, Jaume Giró, Marqués de Gelída, Vílarnau, Agustí Torelló, Sumarroca, Llopart eta Pere Mata.
Afariak eta jatekoa. Pintxoak eta ogitartekoak emango dituzte, baita afariak ere. Hamar euroren truke, oilasko erdia, bi txorizo mutur eta bi saltxitxa mutur afal daitezke frontoian bertan. Tikeak aurrez eros daitezke herriko tabernetan, baina egunean bertan ere salduko dituzte.
Autobus zerbitzua. Inguruko herrietatik ere jendea joan dadin, autobus zerbitzua antolatu dute larunbatean eta ostiralean. 21:00etan abiatuko da autobusa Ordiziako Garagartza plazatik, eta hainbat geldiune egingo ditu Zegamara joateko: Beasaingo tren geltokian, Idiazabalgo Ampon eta Segurako plazan. Zegamatik, berriz, 23:00etan, 00:00etan eta 01:00etan aterako dira autobusak, geldiune berdinekin.
20. Kantu Festa. Larunbatean 20. Kantu Festa batuko zaio Cava Festari, Orkatz Abesbatzak antolatuta. 17:00etan kantu jokoak egingo dituzte. 18:30ean, berriz, mokadutxoa egingo dute, eta jarraian Kantu Jirari ekingo diote. Herriko kaleetan ibiliko dira kanta herrikoiak abesten, eta frontoian amaituko dute ibilbidea, Cava Festaren giroan.